Austeritatearen kontrako eta erosteko ahalmenaren aldeko greba eguna egin da ostegun honetan Ipar Euskal Herrian. Baionako karriketan sei mila lagun elkartu dira, hauen artean, sare publiko eta pribatuetako langileak, ikasleak eta erretiroan dauden herritarrak. Grebaren eragina batik bat zerbitzu eta garraio publikoetan sumatu da.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Eguzkia lagun eta noiztenka petardo indartsuen lehertzeak entzuten zirelarik, sindikatuek deitu duten manifestaldian mota anitzeko aldarrikapenak agertu dira ostegun honetan Lapurdiko hiriburuko karriketan. Kezka eta giro alaia uztartu dituen mobilizazioan, sindikatuen banderen eta ikurriñen artean, gisa honetako leloak ikusi ahal izan dira: “Macron, errepublika martxan daukazu”, “Justizia soziala orain”, “Always antifa”, “Gazte izatea matxinatzea da”, “Gureak gustu basikoak, maite ditugu zerbitzu publikoak” edo “Pribilegiorik ez, jornal apaltzerik ere ez!”.
Jatorri eta adin desberdinetako manifestariak ados egon dira aho batez adierazteko egoera aski gogorra dela janaria edo erregaia gero eta karioagoak direlako. Gisa honetan, herritar anitzek zailtasun gorriak dituzte hilabete hondarrera heltzeko eta noizean behin diru piska bat aisialdian xahutu ahal izateko. Ikasleen eta erretiroan dauden herritar batzuen ondoan, laborari bat bere traktorearekin ibili da ere Baionan. Euskal Laborarien Batasunaren kideen arabera lehen sektorea ohi baino urte zailagoa pairatzen ari da eta Frantziako gobernuak hitz eman dituen laguntzak ez dituzte beti ikusten.
Mercedes Graciet CFDT sindikatuaren idazkari nagusi ordeak argi du manifestaldi ederra iragan dela eta handiagoa izan litekeela ere. “Langile batzuek ezin dute grebarik egin prekaritate handiegia jasaten dutelako jadanik. Deiadarra aspaldi jo genuen eta orain ikusten dugu gizartea bera puskatzen ari dela. Osasungintza eta hezkuntza gaizki daude aspalditik baina orain zerbitzu publiko guztiak hausten ari direla deitoratzen dugu. Justizia saileko langileek ezin dute grebarik egin baina Baionako auzitegian berean 10 lanpostu falta dira” salatu du Mercedes Gracietek.
Sindikatuek gogor kritikatzen dute Emmanuel Macronen agintaldian fortuna handien gaineko zerga desagertu dela. Diotenez, alde batetik prekaritate gero eta handiagoa dago eta bestetik urtean 40 mila milioi euroren oparia.
“Funtzio publikoan langileen %15ak ez du jornal apalena eskuratzen ere. Gero batzuetan prima gisako gehiagarriak ematen zaizkie baina dirutza horiek ez dute kotizatzen erretiroarentzako. Jende asko buru gainean egiazko “Damocles” ezpata batekin bizi da. Izan ere, alokairu kontratua ez bazaie luzatzen karrikara doaz. Lotsagarria eta ezin onartua da egoera duina ez baita. Frantziaren leloak askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna goraipatzen ditu baina hori ez da gehiago bermatzen” salatu du Mercedes Graciet CFDTko kideak.
Argitxu Dufau LAB sindikatuaren bozeramaileak ere neurri zehatzak eskatu ditu, horien artean, lan sarien eta laguntza sozialen emendatze handiak. Dagoen inflazioarekin pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari direla azpimarratzeaz gain, aberatsak gero eta aberatsagoak direla deitoratu du ere. “Oso garrantzitsua da langile gisa molde aktiboan mobilizatzea eta borroka molde hoberena da. Lantegiak hustu eta karrikak bete ditugu” dio Argitxu Dufauk. Bere aldetik CGT sindikatuak hilabete sari apalenak %10 emendatzea aldarrikatzen du. Gaur egun, garbi, 1 478 eurokoa da Frantziako estatuan.
Peio Dufau Lapurdiko kostaldeko diputatuak sostengua erakutsi die milaka manifestariei aldi honetan ere. EH Bai koalizioaren legebiltzarkidearen hitzetan desoreka handiegia dagoenez garrantzitsua da langileak eta ikasleak batzea maiz bakoitza bere aldetik ari da eta. “Eskuin muturraren mehatxua daukagu eta haiek ez dira langileen alde ari, batere. Lurraldeetan antolatu behar dugu beste mundu bat elkarrekin eraikitzeko, agian” bota du Peio Dufauk. Grebaren eragina, tren eta autobus publikoetan, eta hezkuntza sailan nabaritu da bereziki.
Ostegun honetako manifestaldia istilurik gabe bururatu da Baionan. Aldi honetan, manifestariek ezin izan dute igaro Baionako herriko etxearen eta Frantziako gobernuak Lapurdiko hiri nagusian duen ordezkaritzaren ondoan. Izan ere, gobernu ordezkariak debekua eman eta beste ibilbide bat inposatu zien sindikatuei. Aurreko egunetan gertatu ziren istiluak eta hondatzeak ekidin nahi izan dituztela azaldu du Mathieu Duhamel Frantziak Baionan duen ordezkariak. Joan den asteetako protesteten ondotik, gutxiengo batek harriak eta indar gutxiko 500 lehergailu bota izana kritikatu zuen Duhamelek. Atzo goizaldean hiru lagun atxilotu zituzten horrelako erasoak egiteagatik ikastegiak blokeatzen saiatu zirelarik Baionan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta