• EKONOMIA
  • Aspe pilota enpresa Baineten esku geratuko da

Aspe pilota enpresa Baineten esku geratuko da

Fernando Vidarte Aspeko administratzaileak bere akzioak saldu dizkio Bainet taldeari. Bainet Baiko enpresaren jabea da

Aspe eta Baiko dira esku-pilota profesionala kudeatzen duten bi enpresak | Argazkia: iStock
Aspe eta Baiko dira esku-pilota profesionala kudeatzen duten bi enpresak | Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 19a - 14:15
Eg. 2026eko urtarrilaren 20a - 15:29

Azken egunotan zurrumurruak zabaldu dira pilota munduan Aspe enpresaren etorkizuna dela eta. Bada gaur Fernando Vidarte enpresako administrari bakarrak prentsaurrekoa eskaini du Eibarren, Debegesa Debabarrenako Garapen Agentziaren egoitzan, eta konpaniako bere akzioak Bainet taldeari, hots, Baiko enpresaren jabeari, saldu dizkiola jakinarazi du.

 

Bainetek, Baiko enpresaren jabe izateaz gain, esku huskako pilotarien irudi eta publizitate eskubideak ustiatzen ditu, eta aurrerantzean Asperen jabe ere izango da. “Sentsazio arraroak ditut, azaltzeko zailak direnak. Bidaia hau amaitu da niretzako. 28 urte izan dira", adierazi du Vidartek gaur goizean. Bere ibilbidean zehar aldamenean izan dituenak eskertu ditu, bai pilotariak, bai pilotaren munduko bestelako eragileak ere.

Bere osasun egoera eta proiektuarekin aurrera ilusio eza izan dira Vidarteren hitzetan negozioa uzteko arrazoi nagusiak. Pilotaren onerako dela esan du, eta uste du kirola esku honetan dagoela Bainetekin. “Esku-pilotaren onerako, eta enpresaren eta langileen egonkortasunik handiena bilatuz, nire akzio gehienak Bainet taldeari eskualdatu dizkiot, baina parte-hartze sinboliko txiki bat izaten jarraituko dut, Vidarte familiaren lotura mantentzeko”, azaldu du.

 

Jorge Vidarte, Fernandoren semea Aspeko gerentea izango da aurrerantzean, eta enpresako gainerako lantaldea (egun 28 langile dira, horietatik 21 pilotariak) eta egoitza (Eibarren) mantenduko dela ere ziurtatu du orain arte akziodun nagusia izan denak. Kirol arloan ere bi enpresek "berdin" lehiatzen jarraituko dutela argitu du.

Behin Bainetek Aspe xurgatuta, pilota monopolio bilakatzearen arriskuaz galdegin diote Vidarteri. Berak, ordea, ez du halakorik ikusten eta adierazi du esku-pilota egoera onean dagoela. Halaber, aitortu du azken urtean hainbat saiakera egin dituela Aspe enpresa saltzeko, baina ez dutela adostasunik lortu.