Maria Aizpuru Ayerbe (Aloka), Andere Basterretxea Gorostiza (Polykey Polymers) eta Eneka Iribarren Parra (Nexi Health) saritu dituzte Gipuzkoa Ekintzailea sarien bigarren edizioan. Aspegik antolatutako ekitaldia Donostiako Aquariumean egin da, eta bertan ehundik gora ordezkari bildu dira enpresa, erakunde eta gizarte arlokoak. Sarien helburua Gipuzkoako emakume ekintzaileen lana eta haien ekarpena ikusaraztea da, ekonomian, gizartean eta ingurumenaren alorrean duten eragina azpimarratuz.
Ekitaldian hainbat emakume ekintzaileren arteko mahai-ingurua ere egin dute, eta amaierako hitzaldian Iratxe Pascual Aspegiko presidenteak emakumeek ekintzailetzan duten presentziaren inguruko datuak nabarmendu ditu. “Sari hauen bidez, nabarmendu nahi dugu emakumeen talentu ekintzailea jada existitzen dela, sendoa dela eta inpaktua sortzen ari dela Gipuzkoan, baina ikusgarritasun handiagoa behar duela hazten jarraitzeko", adierazi du. Pascualek gogorarazi du, gainera, EAEn emakumeak hasierako faseko ekintzailetzaren %41,4 direla, GEM EAE 2024-2025 txostenaren arabera.
Sarituen artean, Maria Aizpuru Ayerbek Ekintzailetza Sozial eta Jasangarriaren Saria jaso du ikus-entzunezko sektorean ekonomia zirkularra sustatzen duen Aloka plataformagatik; Andere Basterretxeak, berriz, Berrikuntza Teknologiko eta Digitalaren Saria eskuratu du Polykey Polymers enpresaren bidez plastikoen birziklapen kimikoaren eta oinarri biologikoko polimeroen garapenean egindako lanagatik. Ekintzaile Gazteen Saria Eneka Iribarren Parrarentzat izan da, osasun mentalaren arloan teknologia digitalak garatzen dituen Nexi Health start-upa sortu eta gidatzeagatik.