Datorren astelehenetik aurrera posible izango da Mugi txartelarekin Loiuko aireportura joatea

Loiuko aireportuarekin konektatzen duen Lurraldebuseko linea Mugi sistemaren barruan sartu da. Donostiatik 17 eurotik 3,35era pasako da bidaiaren prezioa

Bilboko aireportuan bidaiariak Lurraldebuseko autobusera igotzen| Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Bilboko aireportuan bidaiariak Lurraldebuseko autobusera igotzen| Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Loiuko aireportuarekin konektatzen duten Lurraldebuseko lineak Mugi sisteman sartuko dira martxoaren 18tik aurrera. Horrela, aireportura joan nahi duten erabiltzaileek Mugi txartelarekin ordaintzeko aukera izango dute, orain arte ez bezala. Gaurtik aurrera, datorren astelehenerako eta hurrengo egunetarako bidai-txartelak erosi daitezke. 2023an 350.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituen.

Berritasun honen ondorioz, garraio publikoan Loiuko aireportura joatea nabarmen merkeagoa izango da erabiltzailearentzat. Hala, Donostiatik, adibidez, urtarrilean onartutako %50 hobariekin, Mugi txartel pertsonalizatuarekin 3,35 euroko kostua izango du bidaiak, 4,39 euro txartel anonimoarekin, eta 12,90 euro txartelik gabe. Orain arte, 17 euro ordaindu behar ziren.

Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetako biztanleentzat ere jaitsiko dira prezioak. Izan ere, txartel pertsonalizatuarekin 1,94 euroko kostua izango du bidaiak, 2,53 eurokoa anonimoarekin, eta 7,45 eurokoa Mugi gabe. Gaur arte, Arrasatetik Loiura joateak 12 euro balio zuen, Bergaratik 10, eta Eibarretik 8. 

Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak berritasun honen inguruan hitz egin du: “Aireporturako linea Mugi sisteman sartuta, linea honek berezi izateari utziko dio, eta bidaia jakin horretarako erabili ahal izango da soilik”. 

Bukatzeko, pandemia garaian abian jarri zen Lurticket aplikazioa bertan behera geldituko da. Hala, txartelak leihatilan, autosalmentako makinetan, web orrian eta autobusean bertan, Mugi txartelarekin, erosi beharko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK