• EKONOMIA
  • Atartea, irudiaren “boterea” Durangon

Atartea, irudiaren “boterea” Durangon

Euskal Irudigileen Elkarteak erakusleihoa izango du Durangoko Azokan. Arte eta Historia Museoak elkarteko bazkideen ilustrazioak jarriko ditu erakusgai

Ane Arzelusen 'Uso bikotea' izeneko irudia | Argazkia: utzita
Ane Arzelusen 'Uso bikotea' izeneko irudia | Argazkia: utzita
2025eko abenduaren 5a - 05:30

Aurten 60. urteurrena egingo duen Durangoko Azokak gune berezi bat eskainiko die euskal irudigileei, abenduaren 5etik 8ra. Egun 165 bazkide inguru dituen Euskal Irudigileen Elkarteko kideen hogei bat ilustrazio erakusteaz gain, hitzaldi eta umeei zuzendutako zianotipia tailerrak prestatu dituzte. Bihar egingo duten Ilustrazioaren Egunerako, azokako iruditegia sortu duen Iratxe Reparazek eta Arrate Rodriguezek solasaldia eskainiko dute.

 

Elkarteak bide luzea du jada 2003ko hastapeneko lehen pausu zalantzagarrietatik hona. Egun egitura egonkorragoa lortzeaz gain, nazioartean presentzia areagotuz joan da. Kike Infame elkartearen sortzaileetariko baten esanetan, “elkartean nazioarteratzeko pausua eman genuenetik askoz ere presentzia gehiago lortu dugu: egun Guadalajara (Mexiko), Frankfurt (Alemania) eta Boloniako (Italia) azoketan egoteaz gain, Irudika antolatzen dugu guk geuk hemen mundu osoko irudigileak gurean bilduz. Hortaz, ez zeukan zentzurik nazioartean presentzia izatea eta Durangon ez, orain arte gertatu modura”. Gaurtik astelehenera Durangoko Azokak euskal irudigileen ilustrazioak Durangoko Arte eta Historia Museoan erakusgai jartzeaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte, bai museoan bertan, bai azokan izango duten standean.

Sektoreak prekarietatea jasan du Infameren ustetan, irudigile askok uztartu egin behar baitute sortze-lana beste mota batzuetako lanekin. Atartea beren burua agertzeko aukera izateaz gain, sektorearen gaineko hausnarketa egiteko gune ere izango da. Esaterako, azokako egitarauaren barnean, bihar egingo den Ilustrazioaren Egunean azokako 60. urteurrenaren kartela eta iruditeria guztia sortu duen Iratxe Reparazek hitzaldia eskainiko du, Arrate Rodriguez irudigilearekin batera.

 

Elkarteko beste ilustratzaile batzuk ere eskainiko dituzte hitzaldiak, besteak beste, Iban Galan 'Desegin'ek, Olaia Martinez Altunak, Smoke Signal Gatiburen disko berriaren azalaren sortzaileak... Halaber, elkarteko bazkideen hogei bat ilustrazio jarriko dituzte erakusgai aipatutako museoaren lehen solairuan. Era berean, Iraia Okinak umeei zuzendutako zianotipia tailerrak eskainiko ditu, “magiaren antzeko marrazketa sistema bat da, eta prozesuak lantzeko garrantzia nabarmendu nahi dugu”, Infameren hitzetan. 

Kike Infame (Euskal Irudigileen Elkartea): "Teknologia parasitario bat sortu dute eta ez da behar adina arautu. Oinarrian egile-eskubideak ez onartzea eta ez ordaintzea dago. Azken urteotako gure borroka, Estatu zein Europa mailan, bidezko araudi bat lortzea izan da”

Elkarteko kideak dio sektoreak erronka berriei egin beharko diela aurre etorkizunean, hala nola, Adimen Artifizialaren bidez sortutako irudien “iruzurrari”. Nagusiki, sektoreko sortzaile askorentzat diru-iturri den testu-liburuen esparruan eragin nabarmena izan baitu. Sektoreko profesional gehienek autonomo gisa dihardute, eta egunerokoan ez da erraza izaten gastu guztiei aurre egitea laguntzarik gabe. Hortaz, Adimen Artifizialaren ezarpenak gauzak zaildu ditzake zenbait esparrutan, irudigileen kaltetan. “Teknologia parasitario bat sortu dute eta ez da behar adina arautu. Oinarrian egile-eskubideak ez onartzea eta ez ordaintzea dago. Azken urteotako gure borroka, Estatu zein Europa mailan, bidezko araudi bat lortzea izan da”, dio Infamek.

Sektorearen beste hausnarketa bat irudigileen lan-baldintzei dagokio, ez baita mugatzen lan arlo zehatz batzuetara. “Ilustrazioa ez da bakarrik argitalpenen esparrura mugatzen, diseinua, animazioa eta bideo-jokoak ere jorratzen dituzte irudigileek. Azkenean denetarik egin behar duzu lanarekin biziraun ahal izateko”, gehitu du.

Láminas A5 01
Ane Arzelusen irudi bat | Argazkia: utzita

Ane Arzelus irudigileak Uso bikotea irudia aurkeztuko du azokan. Estilo garden eta zuzen baten jabe, irudigile donostiarrak lan egonkor bat laga zuen ilustratzaile gisa bete-betean aritzeko. Jaurlaritzaren beka bat baliatu zuen pausu ausart hori eman ahal izateko, eta, besteak beste, Hitzen iruditegia (2019) liburua argitaratu zuen, eta 2021ean Xomorro Lapurra eman zuen argitara. Bere lanak 3x3 Magazine aldizkari amerikarraren ohorezko aipamena lortu du. “Azokan aurkeztuko dudan Uso bikoteari dagokionez, azken aldian lantzen ari naizen gai bat da. Animaliok sortzen dizkidaten maitasunezko sentimenduez gain, ikusleengan kontzientzia sortzea dut xede, inguruan bizi diren animali eta usoen gainean ditugun aurre-iritziak hausnarketarekin zalantzan jartzeko helburuz”, dio Arzelusek.

Ane Arzelus: “Ilustrazioa komunikazio grafikorako tresna gisa lantzen dut. Niretzat oso inportantea da ideia, eta transmititu nahi dudan ideia horretara irudia egokitzea dut helburu. Erabiltzen ditudan elementuek zerbait eskaini behar diote beti irudiari”

Horrez gain, Gure begietatik fanzine elebiduna aurkeztuko du. “Mito klasikoak aitzakiatzat hartuta, kontatzen ditugun istorioak nola kontatzen ditugun planteatu nahi izan dut “zine” honetan. Duotono formatu baten bidez, gorriz aurkezten dut mitoetan aurkeztu ohi zaigun pertsonaia maskulinoa eta filtro bati esker argia eman nahi izan diot bai testuetan zein irudietan beti bigarren mailan geratu ohi den pertsonaia femeninoari. Begiratzen dugun ikuspuntuaren arabera funtzionatzen dugula azpimarratu nahi izan dut”.

Feminismoa, euskara, osasun mentala edo ongizate emozionala moduko gaiak jorratzen ditu Arzelusek. “Ilustrazioa komunikazio grafikorako tresna gisa lantzen dut. Niretzat oso inportantea da ideia, eta transmititu nahi dudan ideia horretara irudia egokitzea dut helburu. Erabiltzen ditudan elementuek zerbait eskaini behar diote beti irudiari”, nabarmendu du.

Formatu ezberdinekin lan egitea maite du, eta euskarriak adierazi nahi duena oso inportantea da beretzat. Pandemiarekin batera eman zuen alta profesional gisa lanari ekiteko eta oso prozesu zailtzat jotzen du irudigile independente gisa aritzea. Egun bere egoera profesionala egonkortu den arren, “zure lana asko zabaltzea eskatzen du profesionalizazioak, non behar izango zaituzten pentsatu behar duzu, dela publizitatea, aldizkariak, testu-liburuak....”. Lanean diharduen bost urteotan porfolio asko bidali ditu bere buruak beharrezkoa zela esaten zion lekuetara, irudigilea beti aritzen baita lana aurkezten. Asko eskertzen du irudigileen elkarteak egiten duen lana. “Elkarteak lan juridikoa bideratzen digu eta eskerrak, autonomoak egiten dituen eginkizun guztiak geure gain hartu behar izaten baititugu, baina oso inportantea da zure sektoreko beste profesional batzuk ezagutzea eta haiekin esperientziak partekatzea”.