Korrikaren 24. edizioa aurkeztu dute gaur Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Martxoaren 19tik 29ra egingo da, Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Bilbon (Bizkaia) bukatuta. Bizkaiko hiriburuan lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe AEKren Nazio Kontseiluko kideek eman dute datorren urteko edizioaren nondiko norakoen berri. “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”, adierazi du Begiristainek.
Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi nahi izan ditu: batetik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia; bigarrenik, presa: “helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”; eta hirugarrenik, euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, “hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra”.
24. edizioko Korrikaren mezua Euskara gara izango da, Ane Elordik zera azaldu du horren inguruan: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”.
Horrekin batera, Korrikak Errigora omendu nahi du edizio berrian, euskararen sustapenean egiten duen lana aitortzearren. “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”, nabarmendu du Elordik.