• EKONOMIA
  • Atlantikoko korridorea bultzatuko du Urkulluren eAtlanticek

Atlantikoko korridorea bultzatuko du Urkulluren eAtlanticek

Gaur egin dute fundazioaren aurkezpena Bilbon. Ekimen pribatua eta irabazi asmorik gabekoa dela nabarmendu du lehendakari ohiak

Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
2025eko maiatzaren 9a
Eg. 2025eko maiatzaren 9a

Iñigo Urkullu buru duen eAtlantic Fundazioaren asmoak aurkeztu dituzte gaur Bilbon. Atlantikoko korridorea bultzatzea izango du helburu, bere “oparotasuna” indartuz, Urkulluren hitzetan.

 

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak egin du aurkezpena, eta zehaztu du ekimen "pribatua eta irabazi-asmorik gabekoa" dela. Aurkezpenaren aurretik fundazioko patronokideekin bildu da, Petronor, Iberdrola, Kutxabank eta BBVArekin, eta erakunde horien lana nabarmendu du, "euskal gizarte sarea” ordezkatzen dutela gogoratuz.

"Gure helburua da inbertsioak Europako agendarekin lerrokatzea, berrikuntzaren arrakala murriztea, deskarbonizazioan aurrera egitea, lehiakortasuna galdu gabe, eta interkonexioak indartzea Korridore Atlantikoa Europako merkatu bakar berrian integratzeko", adierazi du Urkulluk.

 

Eragile publiko eta pribatuekin aliantzak egingo dituztela iragarri du. Hala, fundazioak makroeskualde atlantikoa sortzen lagunduko du, bi lantalde eratuz: bata Letta eta Draghiren txostenen proposamenetan oinarrituta, eta bestea, maila anitzeko gobernantzan oinarritutakoa.