Atzeraldi ekonomiko txikia iragarri du Europako Batzordeak

Aurtengo azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan, EBko herrialde gehienetako BPGa uzkurtu egingo dela aurreikusi du Bruselak

Europako Parlamentua | Argazkia: iStock Europako Parlamentua | Argazkia: iStock

Azken datu ekonomikoak aztertu eta udazkeneko prebisioak eginda, atzeraldia iritsi dela adierazi du Europako Batzordeak. “Aurtengo azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan uzkurtu egingo da EBko barne produktu gordina”, jakinarazi du Bruselak. Herrialde gehienetan espero da atzeraldia. Ondoren, udaberria iritsi ahala egonkortzera egingo duela azaldu du, eta udarako hasiko dela pixkanaka hazkundearekin.

2023an, oro har, %0,3 haziko da EBko eta euroguneko ekonomia Bruselaren aurreikuspenen arabera, baina hazkunde negatiboa izango duten herrialdeak ere izango dira: Alemaniak, esaterako, %0,6ko jaitsiera izango du. Kontran, Herbehereak %0,6 haziko dira; Frantzia %0,4; eta Italia %0,3. Horien gainetik geratuko da Espainia, %1eko hazkundea izango baitu 2023an, eta bera izango da kide handienen artean oraingo atzeraldiari izkin egingo dion herrialde bakarra.

2024ko aurreikuspenen arabera, berriz %1,6 haziko litzateke EBko ekonomia, eta %1,5 eurogunekoa.

Inflazioari dagokionean, berriz, goia jotzear dela jakinarazi du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak eta, poliki bada ere, apaltzen jarraituko duela adierazi du. Eurogunean, esaterako, %8,5eko batez bestekoarekin amaituko du urtea aurten, eta %6,1era jaitsiko da datorren urtean.

Era berean, lan merkatuaren inguruko aurreikuspenen berri ere eman du Bruselak. Hala, langabeziaren igoera txikia iragarri du datozen bi urteetarako: aurtengo %6,2tik %6,3ra igotzea espero du 2023an, eta %6,4ra 2024an.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK