
Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzako afiliatu atzerritarrei buruzko ekaineko datuak argitaratu berri ditu: Hego Euskal Herrian, orotara, 141.121 dira afiliatutako atzerritarrak. EAEkoak dira 101.580 eta Nafarroakoak, aldiz, 39.541.
Datu horiek erakusten dute gero eta handiagoa dela Gizarte Segurantzara afiliatutako atzerritar kopurua; izan ere, aurreko urteren aldean %5,26ko eta %5,41eko gorakada izan da, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Maiatzarekin alderatuta ere zifra %1,33 eta %0,43 handitu dela ikus daiteke, hurrenkera bera jarraituta. Hau da, aurreko urtean baino 7.102 pertsona gehiago dira Hego Euskal Herrian afiliatutako kanpotarrak, eta maiatzean baino 1.498 gehiago.
Lurraldeka, Araban izan da urte arteko gorakadarik handiena, iaz baino %8,50 afiliatu gehiago baitira, guztira 18.292 pertsona izanik. Bizkaian %6,03 gehiago zenbatu dira, eta Gipuzkoan, ordea, %2,53.
Hego Euskal Herrian erregistratu diren atzerritar horietako gehienak (118.250 afiliatu) erregimen orokorrean araututa daude, eta beste 22.382 autonomo gisa aritzen dira. Etxeko langileak dira 12.230 atzerritar, eta nekazaritza zein abeltzaintza sektorean ari dira lanean beste 4.619. Azkenik, EAEn 488 afiliatuk lan egiten dute itsasoan.
Gizarte Segurantzako atzerritarren jatorria erreparatuta ikus daiteke gehiengoa EB kanpotik iritsi dela, hots, 106.744 afiliatu. Kolonbiatik, Marokotik, Venezuelatik eta Nikaraguatik bertaratutako pertsonak gailentzen dira. Bestalde, izena emanda dauden 34.378 afiliatu EBtik iritsitakoak dira; kasu horretan, Errumaniako, Portugalgo, Frantziako eta Italiako pertsonak gailentzen dira.