• EKONOMIA
  • Atzerritarren bisitek bultzatu dute EAEko hotelen sarreren gorakada uztailean

Atzerritarren bisitek bultzatu dute EAEko hotelen sarreren gorakada uztailean

Zenbatu diren 422.935 sarreretatik 248.810 atzerriko egoiliarrek egin dituzte

Meliá hotela, Bilbon | Argazkia: iStock
Meliá hotela, Bilbon | Argazkia: iStock
2026ko abuztuaren 20a - 13:03
Eg. 2026ko abuztuaren 20a - 13:10

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean 629 hotel ireki zenbatzen dira egun, iaz 641 ziren bitartean. Gauzak hala, baina, hoteletako sarrerek gora egin dute uztailean Eustatek adierazitakoaren arabera. %7,7ko hazkundea izan da iazko hilabete berarekin erkatuz gero, 422.935 orotara. Ostatu gauetan ere sumatu da igoera, 893.078 izan baitira, aurreko urteko uztailean baino %6,7 gehiago.

 

Gorakada hori atzerritarren bisiten gorakadak bultzatu du. Datu bat ematearren: 2025eko uztailean 223.898 sarrera egin bazituzten Espainiatik kanpo bizi direnek, aurtengoan 248.810 izan dira. 24.912 sarrera gehiago, beraz, guztizkoaren %58,8, eta %59,9 ostatu-gauen kasuan. Egonaldia 2,15 gauekoa izan da.

Espainiar estatuan bizi diren egoiliarren kasuan ere zertxobait igo dira sarrerak, 168.896tik 174.125ra, baina egonaldia 2,12 gauetik 2,06era jaitsi da. 

 

Bizkaian sumatu da igoera nabariena: 198.894 sarrera izan ditu, 2025eko uztailean baino %8,8 gehiago, eta ostatu-gauak %10,3 hazi dira, 397.943ra arte. Gipuzkoan hazkundea %7,1ekoa izan da (170.696 sarrera) eta %5,6 ostatu-gauak (386.654). Araban %5,4 igo badira ere (53.345raino), ostatu-gauetan beherakada antzeman da, %1,5ekoa (108.481raino). 

EAEko datuetara itzulita, okupazio maila 2023ko urtekoaren oso hurbil geratu da, %72,2n kokatu baita (%82,1en gelen arabera neurtzen badugu), azken bi urteetan %71,5en bueltan izan ostean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain