
Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren batzorde mistoaren bilera egin da gaur goizean, horren ostean agerraldia egin du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantzako sailburuak. Hark azaldu duenez, berretsi egin dute eskuduntza aldaketa, pertsona migratzaileei dagozkien lan-baimenei dagokienez, eta baita meteorologiari loturik.
Sailburuaren hitzetan, lan baimenen kontua "baliagarria izango da migratzaileen harrera-irizpideak osatzeko eta haien integrazioa errazteko". Zehazki, askotariko arrazoien arabera kalifikatuko ditu EAEko Administrazioak lan-baimenak, tartean gaixotasunaren sendaketagatik, ikasketa-arrazoiengatik, boluntariotza-zerbitzuengatik edo prestakuntza-jarduerengatik. Estatuak, berriz, jatorrizko kontratazioetan parte hartu ahal izango du, eta Eusko Jaurlaritza arduratuko da gai batzuk egiaztatzeaz, gero Madrilek ematen duen egoitza-baimena lortzea errazteko. Transferentzia hori Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak kudeatuko du.
Meteorologia esparruan, berriz, nazioarteko erakundeetan parte hartzeaz gain, eragin meteorologikoei buruzko abisuak EAEtik kudeatuko dira, eta AEMETek Donostian duen egoitza zaharra doan utziko dio Madrilek Jaurlaritzari. Segurtasun sailaren esku izango da eskumen berria.
Ubarretxenak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "ahalegin eta baliabide" guztiak Gizarte Segurantzaren blokera bideratzen ari da oraintxe bertan, bost transferentzia barne hartzen dituen blokera, hain zuzen ere. Halaber, azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoa dela transferentzia guztiak 2025ean gauzatu ahal izatea.