Auritz Nafarroako Pirinioan kokatzen da, Irati eta Erro ibarren artean sortzen den ordoki berdean, bortuen artean babesturik. Nafarroako herri txikien artean bere izaera eta historiagatik nabarmentzen da. Haranik ez duen herri honek, 230 bizizale ditu eta Donejakue bidearen pasabide nagusietako bat da, Pirinioetan mendeetan zehar izandako kokapen estrategikoak herriari izaera berezia eman dio.
Etxe zuriak, egurrezko teilatu gorriak, eta inguruetako larreak elkartzen dira akuarelazko paisaian. Auritz beti izan da mendialdeko topagunea artzainen, erromes eta merkatarien pasabide, eta, aldi berean, euskal nortasunaren eta Europako bide kulturalen elkargunea. “Auritz beti izan da mugako herria,” azaldu du Unai Irigarai alkate gazteak. “Baina muga hori ez da inoiz hesia izan, ate bat baizik, kulturaren topaketa lekua.”
Orain, herriak bere iraganeko ataka nagusietako bat berriro zabaldu nahi du: XVII. mendeko harresia, mendeetan zehar desagertuta eta ahantzia izan den ondarea. Izan ere, udalak plantan ezarri du harresi zahar horren 11 zatiren berreskurapen-proiektua, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, Next Generation EU funtsen laguntzaz.
Lanek 1,12 milioi euroko aintzinkontua dute eta zortzi hilabeteko epean gauzatuko dira. “Ez da obra soil bat, herri oso baten nortasuna eta etorkizuna berriz eraikitzeko asmoa dugu harri artean”, dio alkateak.
“Aunitzek ez dakite Auritz harresiz inguratuta egon zela”, azaldu du. “Oraindik ikus daitezkeen aztarna txiki horiek gure iragana kontatzen dute. Guretzat ez da nostalgia hutsa, nortasunaren adierazpen bat da, eta etorkizunerako baliabide bihurtu nahi dugu.”
Auritzeko harresia XVII. mendearen hasieran eraiki zen, Nafarroako iparraldeko gatazka militar eta ekonomikoen testuinguruan. Garai hartan, Pirinioetako bide nagusietako batean kokatua zegoen herriak, defentsa-funtzioa eta kontrol militarra uztartzen zituen.
Unai Irigarai (Auritzeko alkatea): “Aunitzek ez dakite Auritz harresiz inguratuta egon zela. Oraindik ikus daitezkeen aztarna txiki horiek gure iragana kontatzen dute"
“Harresi honek ez zuen soilik etsaiaren aurkako babes funtzioa,” esan du Irigaraik. “Merkataritzaren kontrola, pasabideen segurtasuna eta herriaren antolamendua ere islatzen zituen. Garai hartako ekonomia eta bizimodua harri horietan idatzita daude.”

Proiektuak 11 zatiren berreskurapena aintzin ikusi du, guztira 300 metro inguruko luzera dutenak. Horien artean daude Loidiaren baratzeak, Ibaialdeko ertzak eta Santa Maria karrikaren inguruko horma zaharrak, non oraindik harlanduzko aztarna sendoak ikus daitezkeen.
Lehendabiziko fasean lan arkeologiko eta arkitektonikoetan arituko dira, eta, ondoren, egonkortze-lanak eta irisgarritasunaren hobekuntzak gauzatuko dira.
“Gure asmoa ez da harresi bat zaharberritzea soilik, baizik eta haren inguruan herriari bizitza ematea”, nabarmendu du Irigaraik. “Pasealeku historiko bat sortuko dugu, informazio-panel eta interpretazio-guneekin, bisitariari gure historiaren ikuspegi osoa eskaintzeko. Ondarea ez dadila ikusi bakarrik, bizi egin dadila.”
Proiektua ESEPE (PERTE gaztelaniaz) – Ondare Historikoaren Berreskurapena programaren barruan dago, eta Nafarroan abian diren bertze hainbat ekimenekin bat egiten du. “Funts europar horiek aukera paregabea luzatu die herri txikiei,” gehitu du alkateak. “Auritzen argi genuen gure proiektua ez zela estetika hutsa izanen. Gure helburua harresiaren inguruan jarduera ekonomiko berriak sustatzea izanen da: ibilbide gidatuak, artisautza, tokiko produktuen salmenta eta ostalaritzaren indartzea ere, zergatik ez”.
Unai Irigarai: “Gure asmoa ez da harresi bat zaharberritzea soilik, baizik eta haren inguruan herriari bizitza ematea”
Auritz bezalako herri txiki batentzat, inbertsio honek ekar ditzakeen aukera berriak errannahi handia dute. Udalak aintzinikusten du enplegu zuzenak sortzea eta bertze hainbat zeharkako lanpostu tokiko enpresetan. Bisitari kopurua %20tik gora handitzea espero dute horrekin, 2026rako. “Auritz txikia da, baina bere potentziala handia,” dio Irigaraik harro. “Gure paisaia, gure historia eta gure jendea dira gure aktibo nagusiak".
Proiektuaren diseinuak ingurumen-irizpide zorrotzak jaso ditu, jatorrizko harriak berreskuratuko dira, drainatze naturalak ezarriko dira eta argi-sistema jasangarriak erabiliko dira. Helburua, ondarea, natura eta historia bateratuko dira. “Ez dugu museo itxi bat nahi,” argitu du irmo. “Harresia ez dadila pieza arkeologiko hotz bat izan baizik eta herriaren parte bizia izanen da”.
“Harresiak berriro altxatuko dira,” dio harri zaharrei begira. “Baina oraingoan ez dira babes militar gisa altxatuko. Orain, gure batasunaren, kulturaren eta etorkizunaren sinbolo izango dira. Eta hori, Auritz bezalako herri txiki batentzat, garaipen handiena izanen da”.