Euskal Autonomia Erkidegoko ogasunek 18.300 milioi euro bilduko dituzte aurten, hasieran aurreikusitakoa baino 700 milioi gutxiago. Finantzen Euskal Kontseiluak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari jarraituz, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateetara kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketek eragin dute beherakada.
Herri Dirubideen Euskal Kontseilua osatzen duten Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoko foru aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartea gaur elkartu dira, eta datorren urteko aurreikuspenak ere zehaztu dituzte. Erakundearen kalkuluen arabera, 2025ean guztira 19.718,6 miloi euro bilduko dituzte zerga itunduen bidez.
Bilera osteko prentsaurrekoan, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak azpimarratu du 2024ko zerga-bilketaren aurreikuspena "oso positiboa" izango zela 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateetara kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketen eraginagatik izan ez balitz. Guztira 800 milioi euro inguru bideratu dira ordainketa hauetara.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2024ko diru-bilketan itzulketa horiek "eragin nabarmena izan arren", diru-sarrera fiskalak "apur bat" handitu dira 2023tik, orduan 18.212 milioi euro sartu baitziren. Era berean, Jaurlaritzaren arabera, hiru foru aldundiek "kaudimena erakutsi dute, eta gai izan dira pentsiodunentzako 2023ko eta preskribatu gabeko itzulketen kontuak eguneratzeko". Hala, duela urtebete aurreikusitako diru-bilketaren %96,3 egikaritu dela jakinarazi dute.
Aurtengo 18.300 milioi euroko diru-bilketa honela banatu da: PFEZa (6.916 milioi euro), Sozietateen gaineko Zerga (1.760 milioi euro), BEZa (6.912 milioi euro), Zerga Bereziak (1.543 milioi euro) eta gainerako zergak (1.167 milioi euro). Lurraldeka, bilketaren zatirik handiena Bizkaiari dagokio (9.457 milioi euro), ondoren Gipuzkoari (6.021 milioi euro) eta azkenik, Arabari (2.822 milioi euro).