• EKONOMIA
  • Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektua 16.378 milioi eurokoa da

Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektua 16.378 milioi eurokoa da

Aurreproiektua egiterako orduan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan eta segurtasunean jarri du fokua Gobernu Kontseiluak

Aurrekontuen aurkezpena | Argazkia: Irekia
Aurrekontuen aurkezpena | Argazkia: Irekia
2025eko urriaren 28a - 13:06

Eusko Jaurlaritzak 2026 urterako aurrekontu orokorra onartu du. Gobernu Kontseiluak azaldu duenez, aurrekontuak hiru helbururi emango die erantzuna: zerbitzu publikoak sendotzea, herritarren kezkei erantzuna ematea eta “gure herria etorkizuneko erronketarako prestatzea”. Gauzak horrela, Nöel D’Anjou sailburuak argitu du 2026ko aurrekontua 16.378 milioi eurokoa izango dela, iazkoa baino %4,1 handiagoa. Aurrekontu arruntaz gain, aurreproiektuak 935 milioi euro biltzen ditu Euskadi Eraldatuz 2030 planera bideratzeko.

 

Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzaren sailetan banatuko da, eta, sailburuak esan duenez, osasun zerbitzuak eta hezkuntza sendotzera bideratuko da zati handi bat. Zehazki, 5.327 milioi euroko inbertsioa egingo da Osakidetzan, aurreko urtean baino %4,1 gehiago, bai sektoreko profesionalen kopurua handitzeko eta finkatzeko, bai azpiegiturak hobetzeko. “Osasunak du lehentasuna”, adierazi du D’Anjouk. Hezkuntzan egingo den inbertsioa ere %4,5 handituko da, 3.346,6 milioi eurora iritsita, sailburuak berretsi baitu Jaurlaritzak “eskola publikoaren aldeko apustu argia” egin nahi duela.

Etxebizitzaren aferari dagokionez, Gobernu Kontseiluak erabaki du 482,2 milioi euro bideratzea Etxebizitza eta Agenda sailera. Horrez gain, Euskadi Eraldatuz 2030 planera bideratutako 935 milioi euro horietatik ere beste 20 milioi erabiliko dira etxebizitzaren sektorerako. Bide batez, zehaztu da Gaztelagun programan 29 milioi euro inbertituko direla, Emantzipa programan parte-har dezaketen gazteen adina 25 urtetik 23 urtera jaitsiko dela, baita bizitegi publikoen erdia 36 urtetik beherakoentzako gordeko dela ere.

 

Segurtasunari dagokionez, D’Anjouk jakinarazi du iaz baino %6,5 gehiago erabiliko dela, batetik, Ertzaintzaren baliabideetarako, eta, bestetik, aldaketa klimatikoak dakartzan arazoei aurre egiteko baliabideetarako; horretarako 850 milioi euroko aurrekontua izango da. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailerako 650 milioi euro bideratuko dira, Berrindartuz programa berriarekin. Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza Sailaren aurrekontua 653 milioi eurora igoko da (%6,6 gehiago) eta Justizian eta Giza Eskubideetan inbertsioa 369 milioi eurokoa izango da.

Nöel D’Anjouk azaldu duenez, bi egun barru (urriaren 30ean) erregistratuko da aurrekontuaren proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta espero da abenduaren 23rako 2026ko aurrekontua onartzea, alderdi politikoekin bilerak egin ostean.