Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak xehetzen jarraitu dute gaurko egunean zehar hainbat departamentuk. Albiste honen azken edizioa egiten denerako dagoeneko aurkeztu dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailekoak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailekoak, eta beranduago izango da Hezkuntza eta Segurtasun sailen aurkezpena.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak 750,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an. %18,9ko hazkundea izan du partidak, besteak beste Finantzen Euskal Institutuak Euskadi 2030 Industria Planerako egindako ekarpenagatik, 100 milioi eurokoa. Mikel Jauregi sailburuak mahaigaineratu duenez, aurrekontuen helburua da "industria defendatzea" eta sektorearen "eraldaketa bultzatzea".
Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatu asmoz, %32,5 hazi dira ehun industrialeko enpresa horiek laguntzeko partidak. Zehazki, I+Gko programetara %13,4 gehiago bideratu da, "eraldaketa digitala" sustatzeko. Hazitek programan, esaterako, aurrekontua 119 milioi eurokoa izango da. Arreta berezia jarri zaie zibersegurtasunari eta adimen artifizialari loturiko garapenei, eta programa horietarako 22 milioi euro izango dira.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak 750,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an
Digitalizazioaz harago, beste hainbat egitasmo aipatu ditu Jauregik, horietako bat Berrindartuz izenekoa. Helburu du ETEen dibertsifikazioa bultzatzea "etorkizunean traktore izango diren sektoreetara", eta 40 milioi euroko partida izango du. Zabaldu+ izeneko ekimenak, berriz, nazioartekotzeko laguntza guztiak bateratuko ditu, 8,6 milioi euroko dotazioarekin. Oro har, programak sinplifikatu egingo direla esan du sailburuak: 44 izan ordez, 24 izango dira.
Hiru proiektu eraldatzaile ere iragarri ditu sailburuak: motor aeronautikoen arkitektura berriei dagokiona —sektore aeroespazialeko balio katea garatzeko—, datuen subiranotasunaren huba —datuen trataera eta erabilera aurreratua egiteko— eta "etorkizuneko sare elektrikoaren garapenerako" Grid4Industry.
Deskarbonizazioa bultzatzeko hainbat proiektu
Azken proiektu horrek zerikusia du deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoaren atalarekin. Horri loturik, beste bi hub gehiago bultzatu nahi ditu sailak: bata Electric Valley Hub edo bailara elektrikoaren huba, eta bestea erregai berriztagarriena.
Efizientzia energetikoaren hobekuntza bultzatzeko laguntzak %18ko hazkundea izango dutela ere esan du Jauregik, eta autokontsumorako biurtekoko programarako 80 milioi euro bideratuko dituztela.
Hiru proiektu eraldatzaile ere iragarri ditu Industria sailburuak: motor aeronautikoen arkitektura berriei dagoikona, datuen subiranotasunaren huba, eta "etorkizuneko sare elektrikoaren garapenerako" Grid4Industry
"Kostaldean uholdeak ekiditeko eta oro har hiriguneak zein landa eremuak klima aldaketaren kontra babesteko apustuak egingo direla" esan du. 6,6 milioi euro izango dira horretarako, eta Uraren Euskal Agentziaren beste 67,1 milioi euro arrisku-eremuak defendatzeko. Airearen kalitatea kudeatzeko sareak 2,4 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 3,4 milioi Añanako Ekoetxeko lanetara, besteak beste.
Sail horretatik, halaber, zoruak biziberritzeko apustua ere egin nahi da. Izan ere, zoru industrialen beharra du EAEk. Orotara 52,6 milioi inbertituko dira hiru lurralde historikoetan: 27,1 milioi euro Bizkaian —Ezkerraldeako plan estrategikoan jasotakoa barne—, 16,5 Araban, eta 8,9 Gipuzkoan. Era berean, Euskadiko Parke Teknologikoen sareak %90eko okupazioa izanik, 100 milioi bideratuko dira horiek zabaltzera, proiektu errealen instalazioa aintzat hartuta. 38 milioi Gasteizeko campuserako izango dira, 21,6 Bilbokorako, 20 milioi Donostiarako eta 19,5 Deriorako.
Berrikuntza eta ikerketarako 151 milioi euro
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailari dagokionez, aurrekontua 653,3 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino 40,6 milioi euro handiagoa —%6,6ko hazkundea—. Jose Ignacio Iglesias sailburuaren hitzetan, zifra horiek "Eusko Jaurlaritzaren unibertsitatearekiko konpromiso irmoa zein zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa" erakusten dute.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailari dagokionez, aurrekontua 653,3 milioi eurokoa izango da
Horietatik 151,6 milioi ikerketa eta berrikuntzara bideratuko ditu sailak. Horietatik 66,1 milioi ikerketa eta berrikuntza proiektuen garapenerako izango dira: BERCen proiektuetarako 16,4 milioi euro, CICen proiektuetarako 20,7 milioi, Ikerbasquek koordinatutako proiektu estrategikoetarako 5,5 milioi, unibertsitateko ikerketa-proiektuetarako 3,9 milioi eta berrikuntza-proiektuen finantzaziorako 9,7 milioi. Bestalde .47,6 milioi Ikertzaileen prestakuntzarako, hobekuntzarako eta mugikortasunerako dira. Horren baitan sartzen dira goi-mailako ikertzaileak erakartzeko eta atxikitzeko inbertsioak. 32,8 milioi bideratuko dira ikerketa eta berrikuntza azpiegituretara. Geratzen diren 9,2 milioi euroak dira ezagutza gizartean zabaltzeko jarduerak egiteko, digitalizazio-programetarako eta Innobasque eta Euskampusi laguntzeko.
Unibertsitatearen aurrekontua, zeresan gehien eman duena
Partidarik handiena, ordea, 495,2 milioi euro, bideratuko dira unibertsitate-sistemara eta goi-mailako beste hainbat prestakuntza zentrotara, tartean Musikene, Goi Institutura, IMHra eta beste hainbatera. Eta horretan, zatirik handiena EHUra joango da, zehazki, 426 milioi euro, 2025an baino 24,6 milioi euroko gehiago. Horren barruan, 339,2 milioi bideratuko dira ohiko ekarpenetara, 42,7 milioi programa-kontratuetara, 19 milioi irakasleen ordainsari-osagarrietara eta 25 milioi Basurtun (Bilbon) egiten ari den Medikuntza eta Erizaintza fakultaterako. "Zifra errekorra", Iglesiasen hitzetan.
EHUko aurrekontu hori izan da, ordea, zeresan handiena eman duena azken asteetan. "Igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrezko digitalizazioari, azpiegituren mantentzeari, talentua erakarri eta eusteko lanari, eta eskaintza akademikoaren hazkundearen kudeaketari nahiz ikerketa jarduerari erantzuteko", adierazi du gaur bertan Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak.
EHUk 426 milioi euro jasoko ditu Jaurlaritzatik, iaz baino 24,6 milioi euro gehiago. Joxerramon Bengoetxea errektoreak dioenez, "igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrei" erantzuteko
2025ean denera 553,57 milioi euroko aurrekontua izan zuen EHUk, eta horietatik 402 milioi izan ziren Jaurlaritzaren ekarpena. Aitzitik, datorren urterako premia 607 milioi eurokoa litzatekeela zehaztu du. Igoerarekin 578,1 milioi eurora iritsiko litzateke, gainontzeko iturrietatik jasotako ekarpenak hazkunderik ez balu, identifikatutako beharra baino 30 milioi gutxiago. "Orain arte unibertsitate komunitatearen konpromiso eta esfortzuarekin erantzun izan baitzaio: asko egin da oso gutxirekin”, esan du errektoreak, eta gaineratu du "2026ko aurrekontuari begira behar diren partidak zehatz-mehatz" aztertu behar direla.