Aurreztu nahi? Hasi hemendik

Gastuak kontrolatu, ohiturak moldatu eta aurrezteko zazpi pista

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko martxoaren 29a - 05:30

Goizeko kafea, arratsaldeko pintxoa, asteburuko bazkaria… zalantzarik ez da: diruak nahi baino lehenago ihes egiten du gure eskuetatik. Nomina jaso eta, bata dela, bestea dela, konturatzerako ez da sosik gelditzen poltsikoetan. “Aurreztea ezinezkoa dela” diotenak asko dira, hala baita askorentzat; bakoitzaren errealitatea bat eta bakarra da, eta batzuentzat erraza dena besteentzat pentsaezina izango da.

 

Haatik, badaude zenbait gako, oro har, pertsona guztiek aplika ditzaketenak, eta horretarako prestatu dugu, hain zuzen ere, jarraian irakur dezakezun artikulua. Horrek ez du esan nahi azaldutako pauso guztiak eginda inor aberats egingo denik; horren erraza balitz… akabo! Baina baliagarriak izan daitezke bere ekonomia kudeatzen hasi nahi duen pertsonarentzat edota, zertxobait bada ere, aurreztu nahi duenarentzat.

1. Gastu pertsonalak ezagutu

Ergelkeria irudituko zaie askori, baina ikaragarria da hilabete batez norberaren gastu guztiak apuntatzeak ekar dezakeen aldaketa. Zein gastu finko ditut? Zein gastu aldakor? Azken multzo horretan agertzen dira gehienetan ihesbide nagusiak: kafeak, otordu azkarrak edo aurreikusi gabeko erosketak.

 

Identifikatu guztiak, eta hilaren amaieran gastuen mapa osatua izango duzu; horrek ahalbidetuko du eguneroko gastu txikien osotasuna argi ikustea, eta zenbatekoak ezagutzeak erraztuko du gastuekiko kontziente izatea. Lehen urrats hori egitea nekeza izan daiteke, baina jakin egun doako mugikorrerako aplikazio asko existitzen direla kontabilitate prozesuak errazteko.

2. Aurrezteko beste kontu bat

Diru-sarrera guztiak kontu berean izateak gastua errazten du, are gehiago txartel bati lotuta badago. Komenigarriagoa izaten da aurrezkia beste aparteko kontu batera pasatzea, zeinak ahal den heinean bi puntu hauek beteko dituen: interesak ematen dituen kontua izatea, eta kontuari loturiko kreditu- edo zordunketa-txartelik ez izatea. Aldi berean, hilaren hasieretarako diru-transferentziak automatizatu daitezke aparteko kontu horretara, nork bere buruari pentsatzeko tarterik utzi gabe.

Gauza horiei guztiei esker, aurrezkia ez da hilabeteko soberakinen sinonimoa izango, lehentasun bilakatuko baita. Gainera, kontu horrek sarbide mugatua badu (txartelik gabe edo erretiratze-mugarekin), gastu inprobisatuak saihestea errazagoa da, eta geldirik dagoen diru horrek interesak ematen baditu balio-galera saihestuko da.

Posible da errenta aitorpena aurrezki-estrategiaren aliatu bihurtzea, betebehar administratibo izateaz harago

Interesen ildotik, epe luzeko ikuspegian, interes konposatuaren logikak indar berezia hartzen du. Zenbateko txikiak hilabetez hilabete metatzen badira, hilabetero 50 euroko aurrezkia izanda ere, hazkundea esanguratsua izan daiteke denborarekin. Horregatik, ohiko aurrezki-kontuetatik harago doazen tresnak erabil daitezke, non errentagarritasun handiagoa lortzeko aukerak dauden, betiere arriskua kontrolatuta. Denborak, kasu honetan, aurreztailearen alde jokatuko du.

3. Fakturak berrikusi

Gastu handiak murrizteko aukera ematen du fakturak xehe-xehe aztertzeak: elektrizitate, gas edota telekomunikazio zerbitzuen merkatuan lehia handia da, enpresa asko eta asko daude, eta etengabe eskaintza berriak plazaratzen dira. Hala, neurri eraginkorra izan daiteke urtero baldintzak berrikustea eta, beharrezkoa bada, hornitzailez aldatzea; askotan, ez dago konpainiaz aldatu beharra ere, bezero bat galduko dutela ikustean eskaintza hobeak egiten baitizkiote erabiltzaileari, beste konpainia batera joan ez dadin. Hala ere, urtero konpainiaz aldatzeak erokeria eman badezake ere, sinetsi irabaziak besterik ez direla lortzen, eta prozesua orokorrean ez dela zaila izaten, enpresa berriari deituta beraiek kudeatzen dutelako normalean beste konpainiako baja.

4. Supermerkatura bai, baina ondo pentsatuta

Eguneroko kontsumoan ere bada optimizaziorako tarterik. Supermerkatuan egindako erosketak dira horren adibide argia. Guztiok erosten dugu janaria, baina diferentzia izugarria izan daiteke dendaz denda joan aurretik erosi beharrekoa zehaztu ala ez. Txikikeria bat iduri dezake, baina asteko menu bat prestatzeak eta horren arabera erosketa-zerrenda egiteak nabarmen murrizten du alferrikako produktuen erosketa. Aldi berean, aurretiazko prestaketa horrek ahalbidetzen du izozkailuko eta despentsako janariak aprobetxatzea, alde batera utzita inertziaz erosten diren elikagaien erosketa.

5. Diru-sarrera irregularren kudeaketa

Aparteko ordainsariak edo noizbehinkako irabaziak izatean, ohiko joera da gastura bideratzea, “ustekabeko diru-sarrera” gisa hartzen direlako. Psikologikoki, diru hori ez da eguneroko aurrekontuaren parte bezala hautematen, eta horrek errazten du kontsumo impulsiboa: kapritxoak, beharrezkoak ez diren erosketak edo aurrez planifikatu gabeko gastuak. Hala ere, ikuspegi horrek epe laburreko asebetetzea ematen duen arren, epe luzera ez du egonkortasun ekonomikorik sendotzen.

Estrategikoagoa da, hortaz, diru-sarrera horiek zuzenean aurrezkira bideratzea. Horrela jokatuta, eguneroko finantza-ohiturak ez dira aldatzen, eta aurrezkia modu diskretu baina eraginkorrean handitzen da. Are gehiago, mekanismo horrek aukera ematen du aurrezki-funts sendoago bat eraikitzeko (larrialdietarako edo etorkizuneko proiektuetarako), eguneroko kontsumoa aldatu behar izan gabe. Finean, “existitu izan ez balitz bezala” kudeatzeak diziplina ekonomikoa ez ezik, aurrezkia ere indartuko du.

6. Adi errenta-aitorpenarekin

Fiskalitatearen alorrean sakonduta, errenta aitorpena tresna eraginkorra izan daiteke finantzen plangintzarako. Ez du lotura zuzena aurrezkiarekin, ez baita aurrezteko erreminta bat, baina bai balio duela ustekabeko gastuak ekiditeko. Urtean zehar aplikatzen diren atxikipenak, bereziki soldatari dagozkionak, egokiak diren aztertzea funtsezkoa da, bestela errenta aitorpena egiterakoan "ustekabean" hartzen gaituelako Ogasunari ordaindu behar izatea. Diru gehiegi aurreratu izana ere gerta liteke. Bi kasuak txarrak izaten dira: lehena, bat-batean gastu handia izan daitekeelako; bigarrena, aurrez zitekeen diruak interesak eman baino, geldirik egon delako, administrazioaren esku.

Gomendagarria da lehenik eta behin zorren egoera zehatz-mehatz aztertzea: zenbat diren, zein baldintzatan dauden eta zein interes-tasa aplikatzen zaien

Horrez gain, indarrean dauden kenkari fiskalak ezagutzea (etxebizitzari lotutakoak, pentsio-planak edo bestelako egoera pertsonalak) aukera baliotsua da zerga-karga optimizatzeko. Antolaketa txiki batekin eta informazio eguneratuarekin, posible da errenta aitorpena aurrezki-estrategiaren aliatu bihurtzea, betebehar administratibo izateaz harago.

7. Zorrak kitatu!

Artikulu honetan azken puntu bezala jarri den arren, lehentasunezko pausoa da aurreztu nahi bada. Zorrak edukitzeak, bereziki interes altuak dituztenean, etengabeko gastua sortzen du ekonomia pertsonalean, eta aurrezteko egiten den ahalegina neurri handi batean neutraliza dezake. Horrexegatik, gomendagarria da lehenik eta behin zorren egoera zehatz-mehatz aztertzea: zenbat diren, zein baldintzatan dauden eta zein interes-tasa aplikatzen zaien. Informazio horrekin, amortizazio-plan errealista bat diseinatu daiteke, lehentasuna interes handieneko zorrei ematen.

-

Oharra: gako horiek guztiak interesgarriak dira, eta lagungarriak izan daitezke eguneroko ekonomia pixka bat txukunago eramateko, baina garrantzitsua da gogoratzea gastatzea ere zilegi dela. Zertarako aurrezten dugu bada?