• EKONOMIA
  • Australiako bi estatu lotuko dituen azpiegitura elektrikoa eraikiko du Iberdrolak

Australiako bi estatu lotuko dituen azpiegitura elektrikoa eraikiko du Iberdrolak

2.240 milioi euroko kontratua itxi du energia konpainiak, lizitazio bat irabazita. 2030erako eraiki nahi dute instalazioa

Iberdrolak 2.300 MW baino gehiagoko energia ahalmena sortu du Australian | Argazkia: Iberdrola
Iberdrolak 2.300 MW baino gehiagoko energia ahalmena sortu du Australian | Argazkia: Iberdrola
2025eko azaroaren 11a - 13:32

Iberdrolak merkatu berriak arakatzen segitzen du, eta aurrerantzean Australiako sare elektrikoan pisua handiagoa izango du. Herrialdeko Victoria eta Hegoaldeko Gales Berria lotuko dituen azpiegitura elektrikoa eraikitzeaz arduratuko da, lizitazioa prozesuan hautatua izan ostean. Proiektu hori 4.000 milioi dolar australiarretan dago baloratuta, hau da, 2.240 milioi eurotan.

 

Iberdrola Australiako energia berriztagarrien operadore nagusietako bat da, 2.300 MW baino gehiagoko ahalmena du martxan, eta kopuru hori ia 1.000 MW handitzea aurreikusten du 2028rako, energia berriztagarrien eta bateriak biltegiratzeko proiektu berriei esker.

VicGrid konpainia australiarra izango du bazkide VNI West (Victoria to New South Wales Interconnector West) izeneko proiektua gauzatzeko. Argindarra garraiatzeko zirkuitu bikoitz bat sortuko dute, bi norabideetakoa; 240 kilometro izango ditu, eta 500 kilowattioko gaitasuna. Energia konpainiak azaldu duenez, energia garraitzeko 3.500 MWrainoko ahalmena izango du.

 

Proiektuaren lehen fasean, Iberdrolak VicGridekin batera lan egingo du, azpiegituraren “elementu kritikoak” definitzeko (ingeniaritza-diseinua, finantza eta teknika plangintza eta kostuen zenbatespena…). Fase hori amaitutakoan, proiektua egikaritzeko proposamena aurkeztuko du (diseinua eta eraikuntza), baita azpiegituraren jabetzarako eta ustiapenerako plan bat ere. Instalazioa 2030ean amaituta egotea espero dute.