Tximista Auto izeneko dirulaguntza programa aurkeztu du gaur Nafarroako Gobernuak. Auto elektrikoen salmenta sustatu asmoz, 5.000 eurorainoko laguntzak emango ditu foru gobernuak. Zehazki, 5.000 eurorekin lagunduko du Europan ekoitzitako autoen erosketa, eta 2.500rekin kontinentetik kanpo egindakoena. Halaber, laguntza jaso ahal izateko, ibilgailuek ezingo dute 45.000 euroko salneurria gainditu.
Auto elektrikoen salerosketa apaldu egin da 2026 hasiera honetan (salmentak %12,6 murriztu dira urtarrilean), besteak beste, horiek erosteko dirulaguntzak martxan egon ez direlako azken hilabeteetan. Espainiako Gobernuak abiatutako Auto+ programa maiatza amaierarako abian izatea aurreikusten da, baina Nafarroako Gobernua aurreratu egin da eta bere laguntza deialdi propioa jarri du martxan.
Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak eman du gaur dirulaguntza programaren berri, eta azaldu du 4,7 milioi euroko aurrekontua izango duela, 3,7 milioi auto elektrikoentzat eta beste milioi bat kargalekuentzat. Auto elektrikoak eta zero kilometroko industria europarra sustatu nahi dutela azaldu du Irujok, eta uste du ibilgailu elektrikorako trantsizioan “urte giltzarria” izango dela aurtengoa Nafarroarentzat.
Gaur aurkeztutako programak ez du lagunduko auto hibrido entxufagarrien erosketa, baina auto elektrikoei dagokionez, atzera eragina izango du, hau da, 2026ko urtarrilen 1etik aurrerako erosketak lagunduko ditu. Halaber, deialdia aurtengo urriaren 31era arte egongo da zabalik. Hori bai, Espainiako Auto+ laguntzarekin ez da bateragarria izango.