Automobilgintza sektorearen fakturazioa %22 hazi da urtebetean

Orotara 22.423 milioi euro fakturatu zituen 2022an, pandemia aurreko datuak gaindituz

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Automobilgintza sektoreak 22.423 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan, 2021ean baino %22 handiagoa. Hala, pandemia aurreko kopurua ere gainditu egin du, 20.300 milioi eurokoa izan baitzen orduan. Hobekuntza operatiboei eta enpresen dibertsifikazioari lotuta legoke igoera hori Ines Anitua Euskadiko Automozioaren Klusterreko zuzendariak adierazitakoaren arabera. Hala ere, “zuhurtzia” eskatu du, merkatuaren ezegonkortasuna dela eta.

Klusterraren arabera, produkzioaren %90 inguru atzerrian saldu zen, eta horren erdia inguru Europatik kanpo.

Aurtengo jarduerari lotuta, fakturazioa beste %6,1 haztea aurreikusten du Klusterrak. Guztira, automobilgintzarako piezak egiten dituzten 300 enpresa daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horiek 345 produkzio gune dituzte nazioarteko 32 herrialdetan. Hor ere, pandemia aurreko kopuruei eustea lortu zuten iazko ekitaldian, eta 2023rako ere hazkundea espero dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK