Autonomoen kotizazio berrien negoziazioa gero eta gertuago

Kotizazioak 230 eta 590 euro bitartekoak izatea proposatu die Espainiako Gobernuak autonomoen ordezkariei

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako Ministroa | Argazkia: Moncloa Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako Ministroa | Argazkia: Moncloa

Espainiako Gobernuak eta autonomoen ordezkari nagusiek egindako bileraren ostean adierazi dute “aurrerapauso handiak” eman dituztela, azkena izan nahi duen proposamena aurkeztu baitie Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak autonomoen ordezkariei.

Proposamen horretan, Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak 230 eta 590 euro bitartekoak izatea ageri da, irabazien araberako hamabost tartetan banatuta. Gutxien irabazten dutenek, hau da, hilean 670 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek, orain baino 64 euro gutxiago ordaindu beharko lukete. Era berean, tarte berri bat sortuko litzateke gehien irabazten dutenentzat: 6.000 euro baino gehiagoko diru sarrerak dituztenek, 590 euroko kotizazioa izango lukete. Gainerako tarteak ere egokitu egingo lirateke.

Moldaketa horiekin , autonomoen bi aldeak erakarri nahi ditu Gizarte Segurantzako ministroak. Hala ere, jarrerak hurbilago egonagatik ere, inork ez du oraindik akordioa ontzat eman. Adosteko falta den puntuen artean dago sistema berria indarrean noiz sartuko den eta nola egokituko den hurrengo urteetan. Gobernuak aldaketa mailakatua egitea proposatu du eta 2031ra arteko trantsizio epe bat adostea eskaini du. Sindikatuek, hala ere, datorren urterako nahi dute martxan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK