• EKONOMIA
  • Autonomoentzako BGAEa abian jarriko dute Jaurlaritzak eta merkataritza ganberek

Autonomoentzako BGAEa abian jarriko dute Jaurlaritzak eta merkataritza ganberek

Lankidetza akordioa sinatu du gaur Azpiazuk Araba, Bilbo eta Gipuzkoako ganberekin. Gizarte aurreikuspen osagarri bat sortu nahi dute

Azpiazu hiru ganberetako lehendakariekin | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Azpiazu hiru ganberetako lehendakariekin | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2023eko abenduaren 27a
Eg. 2023eko abenduaren 27a

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bilbo eta Gipuzkoako merkataritza ganberek autonomoen “aurreikuspen sistema bat” abian jartzea adostu dute. Sistema hori Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) baten bidez garatuko da.

 

Gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Gregorio Rojo Arabako, Jose Ignacio Zudaire Bilboko eta Mauricio Arregui Gipuzkoako merkataritza-ganberetako lehendakariek. Egitasmo honekin, gizarte-aurreikuspen osagarria lortu nahi da autonomoentzat. Eustaten arabera, 124.000 profesional inguru dira egoera honetan daudenak, eta sistemara sartzeko aukera baliatu dezakete.

Azpiazuren hitzetan, BGAE hau “eraginkorra" eta "kudeaketa-gastuetan doitua" izango da, "langileak goiz sartu eta zerga-pizgarriak izango ditu, prestazioak Gizarte Segurantzaren pentsioaren osagarri gisa kobratzen badira, hau da, errenta gisa”.

 

Arreguik, bestalde, BGAEak pentsio sistemaren osagarri gisa, “funtsezko elementuak” direla nabarmendu du. “Euskal Herria puntakoa izan da arlo horretan, gure etorkizuneko ikuspegiari esker (bai pertsonena, bai administrazioena) eta bizitza ulertzeko moduan aurrezteak guretzat duen garrantziari esker”, adierazi du.