Azora putre funtsa, alokairu-kontratuetan abusuzko klausulak baliogabetzeko eskaera ugariren aurrean

Putre funtsaren esku dago Donostiako eta Bilboko autobus geltokien kudeaketa

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Azora putre funtsak 20.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu Espainian, inbertsio-funts desberdinen bidez, eta hainbat eskari kolektibo iritsi zaizkio errenta-kontratuetako abusuzko klausulak baliogabetzeko.

Bartzelonako Lehen Auzialdiko 31 zenbakiko Epaitegiak, urtarrilaren 13ko data zuen epai baten bidez, Azorak bertako errentari batekin zuen alokairu-kontratuko bederatzi klausula baliogabetu zituen, abusuzkoak izateagatik. Izan ere, klausula horietako batek, alokairuaren prezioa %30 igortzera behartzen zuen errentaria kontratuaren hirugarren urtean.
 
Epaiaren arabera, legezko araudiak eragotzi egiten du kontratua indarrean dagoen bitartean urte arteko KPItik gorako berrikuspenak aplikatzea.

Baina abusuzko klausula horretaz gain, kontratuak beste klausula batzuk ere biltzen zituen, tartean, giltzak entregatzean atzeratzeagatik alokairuaren eguneko prezioaren %300eko zigor ekonomikoa, errentariak errentatzailearen aldizkako bisitak jasotzea edo, kalte txikiak direla-eta, fidantza osoa gordetzea.

Lehen auzialdiko epaia ez da irmoa eta Azorak 18 eguneko epea du Bartzelonako Probintzia Auzitegian errekurtsoa aurkezteko. Oraingoz, konpainia epaia aztertzen ari da, baina ez da aldekoa.

Azora Euskal Autonomia Erkidegoan

Azora funts putreak 20.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu Espainiako bederatzi autonomia erkidegotan. Tartean dago Euskal Autonomia Erkidegoa ere. Aski ezaguna da dagoeneko Donostian, hiriko higiezin ugari baitaude bere esku, bereziki Gros auzoan, eta gizarte eragile askoren salaketa ugari jaso ditu azken aldian.

Orain arte etxebizitzaren sektorean zen ezaguna Azora, baina, mugikortasunera ere iritsi da, Donostiako eta Bilboko autobus geltokien kudeaketak ere funtsaren esku baitaude orain. Azorak Donostiako autobus geltokiaren kudeaketaren %51 bere esku dauka, eta Helvetia enpresarena da beste %49. Pasaden astean jakinarazi zuen, bestalde, Bilboko geltokiaren kudeaketa Amenabarri erosi diola. Bi geltokien kudeaketak Azorak berak azpiegituren merkatuan sartzeko sortutako Infrabask II sozietatearen bidez erosi ditu. Helvetiaren kasuan, Aldebaran Riesgo enpresaren bidez eskuratu du bere zatia. Hala, Donostiako eta Bilboko autobus geltokiak, biak hein handi batean diru publikoarekin eraikiak, enpresa pribatu batek kudeatzen ditu egun: Azora putre funtsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK