Gutxienez 400 milioi eurokoa izango den inbertsio programa berri bat aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak, eta deialdia egin du programa hori diseinatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko den kudeatzailea hautatzeko. Kudeatzaile izan nahi dutenek euren hautagaitza aurkeztu beharko dute urriaren 13a baino lehen.
Azpiegitura Aurreratuetan Inbertitzeko Programa izenekoaren helburua izango da hurrengo hamarkadetan inbertsioa sustatzea EAEko ekonomia garatzeko "estrategikoak" izango diren esparruetan: energia garbietan, eraldaketa digitalean, garraio jasangarrian, eta logistika eta konektibitate aurreratuan, besteak beste. Funtsean, helburu orokorra izango da trantsizio energetikoa eta digitala bultzatzea eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna indartzea.
Programak aurrera egiteko inbertsioa publiko zein pribatua izango da. Publikoa, Jaurlaritzak inbertsore nagusi gisa %25etik %49rainoko gastua hartuko duelako bere gain, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez. Aurkezpenean azaldu dutenez, lehenengo inbertsio publiko horrekin inbertsio pribatua erakartzea izango da xedea. Hori bai, inbertsore pribatuak edozein direla ere, programak baldintza argi bat bete beharko du: guztizko diru kopuruaren erdia, gutxienez, EAEri loturiko aktibo edo azpiegituretan inbertitu beharko da.
Programa berria Euskadi Eraldatuz 2030 planaren barruan kokatzen da, zeinaren bitartez Jaurlaritzak lortu nahi duen 1.000 milioi euro publiko mobilizatzea, 3.000 milioi euroko inbertsio pribatuak bultzatzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta