Aldaketa klimatikoa dela eta, Atlantikoko atun gorria (Thunnus thynnus) iparralderantz alde egiten ari da. Aztik ohartarazi duenez, ozeanoaren tenperaturak gora egin du eta bizirauteko ur hotzagoetara joan beharra du atun gorriak. Navigating Future Waters: The Resilience of the Atlantic Buefin Tuna Under Climate Change izeneko nazioarteko ikerlan batek ateratako ondorioa da, zeina Fish and Fisheries aldizkari zientifikoan argitaratu den. Ikerketaren arabera, atun gorria pixkanaka joango da Europa iparralderuntz, Groenlandia ingurura eta Atlantikoaren ipar ekialdera.
Hala, arrain mota honek bere habitat naturala galduko du zonalde tropikalagoetan. Egun, atun gorri gehien dagoen ingurua Mediterraneo itsasoa eta Mexikoko golkoa dira, eta berotegi efektuko gasen isurpenen ondorioz, atun gorria %27 murriztu daiteke Mediterraneoan eta %70 Mexikoko Golkoan.
"Atun gorriak egokitzeko gaitasun handia du, baina gure estimazioek adierazten dute arrain mota hau elikatu eta ugaltzen den eremuen arteko oreka aldatzen ari dela aldaketa klimatikoaren ondorioz", azaldu du Maite Erauskin-Extramiana Aztiko ikertzaile eta azterlanaren arduradun nagusiak.
Era berean, ikerketak atun gorria elikatzen duten espezieen bilakaera aztertu du, hala nola sardina, berdela edo txipiroia. Horiek ere iparralderuntz lekualdatzen ari direla ondorioztatu du txostenak, eta horrek eremu berriak sortzen ditu, non atuna eta haren presa nagusiak gainjarri egiten diren, bereziki eskualde borealetan.
"Klima-aldaketak ekosistemei eragiteaz gain, itsas baliabideak kudeatzeko moduari ere eragiten dio", adierazi du Erauskin-Extramianak. "Joan-etorri horiei aurrea hartzea funtsezkoa da biodibertsitatea eta biodibertsitatearen mende dauden bizibideak babesteko".