• EKONOMIA
  • Martxan da ekintzailetzari buruzko B Acceleration Week topaketa

Martxan da ekintzailetzari buruzko B Acceleration Week topaketa

Enpresa emergenteek proiektu berritzaileak aurkeztuko dizkiete inbertsore eta adituei

Startup World Cup txapelketako Estatu eta Portugaleko finala hartuko du topaketak | Argazkia: B Acceleration Week
Startup World Cup txapelketako Estatu eta Portugaleko finala hartuko du topaketak | Argazkia: B Acceleration Week
2025eko ekainaren 26a
Eg. 2025eko uztailaren 1a

Abian da B Acceleration Week ekintzailetza eta berrikuntzari buruzko topaketaren bigarren edizioa. Start-upak, enpresa emergenteak, adituak, nazioarteko inbertsoreak… orotariko eragileak bilduko dira gaur eta bihar artean BAT dorrean, irtenbide teknologikoei, industriaren jasangarritasunari, energia garbiari zein adimen artifizial eta zibersegurtasunari buruz eztabaidatzeko.

 

Iazko edizioan 500 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren, eta topaketari esker enpresa emergenteen eta enpresa handien arteko 30 lankidetza proiektu sortu ziren. Aurten, antolatzaileen esanetan 20 herrialde baino gehiagotako enpresa emergenteek parte hartuko dute, eta, ondorioz, ekitaldiak “nazioarteko proiekzio argia” duela baieztatu dute.

Hitzaldi “inspiratzaileak”, mahai-inguru sektorialak eta harremanetarako guneak bilduko ditu topaketak, “itunak sustatzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko”. Enpresa emergenteek haien proiektuak aurkezteko espazioa ere izango dute BAT dorreko seigarren pisuan, eta bertan izango dira inbertsoreak zein mentoreak.

Enpresa Emergenteen Munduko Kopako finalean Espainiako Estatuko zein Portugaleko ordezkariak ere hautatuko dira topaketan. Txapelketa Pegasus Tech Venturesek antolatzen du Silicon Valleyn, eta B Acceleration Weeken ordezkariak zein izango diren erabakiko dute adituek eta tokiko zein nazioarteko inbertsoreek osatutako epaimahaiak.