Ba al dakigu nomina irakurtzen?

Euskal Herriko langileen gehiengo handi batek kontratupean egiten du lan. Hilero enpresak nomina eman eta ordaindu egiten die. Nomina ordainsaria eta enpresarekiko lan harremanaren lege euskarria da eta bertan hainbat hainbat kontzeptu biltzen dira. Ulertzen al ditugu?

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Nomina enpresarekiko lan harremanaren berri ematen duen lege dokumentua da. Hilero jasotzen dute Euskal Herrian soldatapean lan egiten duten langileek. Legez araututako dokumentua da, hainbat kontzeptu eta informazio biltzen du: Gizarte Segurantzaren kotizazioak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak, sortzapenak, kenkariak, jasotzekoak, oinarriak... eta baita enpresaren ekarpena Gizarte Segurantzara ere. Dokumentu osoa bezain konplikatua izan daiteke langile askorentzat. Nekeza suerta dakioke hainbat jenderi nomina ulertzea. Ba al dakigu nomina ondo irakurtzen?

Arkaitz Urdapilleta Irazu ekonomialaria eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Batzordeko kidea da. Gipuzkoako Kemen Consulting enpresan lanean dihardu zerga eta kontabilitate alorrean aholkulari gisa. EnpresaBIDEAri azaldu dizkio nomina egoki ulertzeko gakoak. Enpresa txiki eta ertainekin egiten du lan nagusiki Urdapilletak, enpresa handiagoek normalean nominak kalkulatzeko eta kontabilitatea eramateko sail propioak dituztelako. Bere ustez "jendeak ez daki nomina interpretatzen. Langileek badakite euren soldata gordina zein den, baina gero ez dute ulertzen zer kentzen dieten. Enpresek langile bakoitzagatik Gizarte Segurantzan ordaintzen dutena ere ez dakite langileek, ez dute hori begiratzen". Bestalde, enpresa askok ere langile baten kostua zehazki zein den ez dakitela uste du ekonomialari donostiarrak. Beste enpresa askok, ordea, kalkuluak badakizkite eta horregatik jotzen dute autonomoekin lan egitera, kostuak murrizteko, "baina egoera hori ez da ohikoena".

Arkaitz Urdapilleta Irazu: "Langileek badakite euren soldata gordina zein den, baina gero ez dute ulertzen zer kentzen dieten. Enpresek langile bakoitzagatik Gizarte Segurantzan ordaintzen dutena ere ez dakite"

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru ogasunek prezioen gorakadari aurre egiteko hartutako neurrietako bat zergen deflatazioa izan da, nominetan aplikatzen diren atxikipenetan isla izango duena. 2022rako % 5,5ko deflatazioa onartu dute ogasunek eta 2023rako %2koa. Urdapilletari galdetu diogu nola igarriko duten langileek neurri hau. Datorren urtean, PFEZaren autolikidazioa egitean igarriko dute langile gehienek deflatazioaren eragina, jasotzeko gehiago (edo ordaintzeko gutxiago) izango dutelako. Deflatazioaren ondorioz nominetan aplikatzen diren PFEZaren atxikipenak ere aldatuko dira. Langileei aplikatutako atxikipenak soldataren eta seme-alaben kopuruaren arabera aldatzen dira. Atxikipenen eskala deflatatzean baliteke, zenbait kasutan, atxikipen baxuagoa aplikatzea urtarriletik aurrera eta nominaren likidoa, hau da kontuan langileak jasoko duena, handitzea.

Nominak jaso beharreko informazioa legez araututa dago. Izan ere, Estatuko Aldizkari Ofizialak nomina baten eredua jasotzen du, eta baita bertan azaldu behar diren kontzeptuak ere. Nominak hainbat atal ditu: identifikazio datuak, kitapen-aldia, ordainsariak (dirutan jasotakoak zein gauzazko-ordainsariak), kenkariak, hartzeko likidoa... eta baita Gizarte Segurantza oinarria zein PFEZ oinarria ere. Hilabete bukaeran langileak kobratuko duena sortzapen eta kenkarien arteko aldea da. Horiek dira, hortaz, nominaren osagarririk mamitsuenak.

Langilearen identifikazio datuak

Enpresaren zein langilearen datuak bildu behar ditu nominak. Enpresaren izena (edo pertsona fisikoarena, hala badagokio), egoitza soziala; Identifikazio Fiskaleko Kodea (edo IFZ) eta Gizarte Segurantzaren Kotizazio Kontuaren Kodea (11 digitu) agertzea beharrezkoa da nomina guztietan. Langileari dagokionez bere izen-abizenak, NAN (AIZ edo pasaportea), kontratu-mota; Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia (12 digitu), hitzarmen kolektiboan dagokion lanbide-taldea, lanpostua, langilearen kotizazio-taldea eta antzinatasuna argi azaldu beharko dira. Antzinatasuna zuzen agertzea garrantzitsua da eragina duelako plusak, igoerak edo kalte-ordainak kalkulatzeko orduan, kaleratzeen kasuan.

Likidazio-aldia

Nominaren ordainsari-aldia da, langileak lan egindako egunak. Ohikoena hilabeteko aldia izatea da (adibidez, 2022ko urriaren 1etik 31ra). Nominak hileko 30 egunak adieraz ditzake (hilabetea 28 edo 31 egunekoa den alde batera utzita), baita hilabeteak benetan dituen egun naturalak edo lanegunak ere (22 izan ohi dira).

Sortzapenak

Langileak irabazitakoa biltzen du atal honek. Langileak lortutako diru-sarrera gordinak dira sortzapenak, soldatako ordainsarien eta soldatakoak ez direnen baturarekin osatuak. Langilearen soldata oinarria enpresaren lansarien taulen araberakoa da. Ohikoena lan hitzarmen bitartez finkatzea da. Soldata oinarriaz gain osagarriak ere jaso daitezke, plusak bezala ezagutzen direnak. Osagarri hauek langilearen araberakoak izan daitezke: formakuntza, ezagutzak... baina ohikoena aintzinatasuna izaten da. Enpresaz enpresa aldatzen dira osagarriak, negoziatutako hitzarmenen arabera. Osagarriak lanpostuarekin lotutakoak ere izan daitezke: lan txandak, gauez lan egitea, arriskua... eta baita produktibitatea edo ordu-malgutasunarekin lotutakoak ere. Zenbait kasutan enpresak lortutako mozkinen araberako ordainketak ere egon litezke. Aparteko orduengatik ordainsariak ere biltzen dira sortzapenetan.

Ordainsari guztiak ez dira dirutan ordaintzen, badira gauzazko lansariak, hala nola autoa, aseguru medikoa , bazkaltzeko tiketak edo etxebizitza ordaintzen dutenak. Lansari hauen balorazioa legez araututa dago ogasunek ezarritako irizpideen arabera.

Langileak lortutako diru-sarrera gordinak dira sortzapenak, soldatako ordainsarien eta soldatakoak ez direnen baturarekin osatuak

Badira soldataz kanpoko kobrantzak, hala nola langileek egindako (eta aurreratutako) lan bidaien kostuak. Kasu honetan legeak salbuetsitako minimoak ezartzen ditu, nominan gehitu behar ez direnak. Indemnizazioak edo kalte-ordainak ere soldataz kanpoko kobrantzak dira. 

Euskal Herrian hainbat enpresek badituzte langileentzako enplegu planak edo BGAE planak (Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde) jasota lan hitzarmenetan. Plan hauen bitartez enpresek langileen BGAE planetan ekarpena egiten du hilero. Geroa edo Itzarri enplegu plan hauen adibiderik ezagunenak dira. Kasu honetan gizarte kotizazioetarako aintzat hartzen dira baina zergen aldetik ez. Ez dute tributatzen nominari dagokionez, gerora PFEZaren autolikidazioan sartzen direlarik.

Kenkariak

Lansariari aplikatutako atxikipenak dira kenkariak, eta bi motatakoak dira: Gizarte Segurantzarekin lotutako kotizazioak, eta PFEZaren atxikipenak. Gizarte Segurantzaren kotizazioak enpresa eta langilearen artean ordaintzen dira. Langileari dagozkion kotizazioak hiru dira: gertakari arrunten kotizazioa, langabeziarena eta lanbide heziketarena.

Gertakari arruntengatiko kotizazioak gaixotasun arruntak, amatasunak, aitatasunak, erretiroak eta lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra estaltzeko erabiltzen dira. Pentsioak ordaintzeko dirua, hortaz, kotizazio honetatik dator. Estatuko pentsio sistema banaketa sistema da. Egungo langileen kotizazioekin egungo pentsioak ordaintzen dira eta gertakari arruntengatiko kotizazioen bidez biltzen da pentsioak ordaintzeko dirua. Enplegatuari dagokion kotizazioa oinarriaren % 4,7ko da eta enpresarena % 23,6koa da.

Gertakari arruntengatiko kotizazioak gaixotasun arruntak, amatasunak, aitatasunak, erretiroak eta lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra estaltzeko erabiltzen dira

Langabeziagatiko kotizazioaren bitartez langabeziarako estaldurarako dirua biltzen da. Langileek ordaintzen duten kotizazioa kontratu motaren arabera aldatzen da. Kontratu mugagabeei % 1,55 aplikatzen zaie eta aldizkakoei, aldiz, % 1,6. Enpresaren kasuan ere kontratu motaren arabera kotizazioa aldatzen da.

Lanbide Heziketarako kotizazioa. Langileen trebakuntzara bideratutako sarrerak biltzen du. Langileen kotizazioa % 0,10ekoa da eta enpresak % 0,6 kotizatzen du.

Gizarte Segurantzako kotizazio horien oinarria haztatua izaten da. Bestela esanda, langilearen soldata gordina 12 epetan zatituta, 12 ordainetan. Aparteko nominetan ez dira aplikatzen eta, hortaz, aparteko nominak altuagoak izaten dira. 

PFEZren atxikipenak ere kentzen zaizkio langileei hileko nominetan [...]. Atxikipen horiek hurrengo urteko PFEZ aitorpenean ordaindu beharrekoaren aurrerapena dira

Bestalde, PFEZren atxikipenak ere kentzen zaizkio langileei hileko nominetan, autolikidazioa egiteko orduan, hurrengo urteko udaberrian, aintzat hartuko direnak aitorpena ordaintzeko edo jasotzeko den kalkulatzeko. Atxikipen horiek, beraz, hurrengo urteko PFEZ aitorpenean ordaindu beharrekoaren aurrerapena dira. PFEZko atxikipenaren ehunekoa aldakorra da, eta haren zerga-tasa lan-errentengatik jasotako ordainsariei dagokie. Dagokion tasa aplikatzeko, egoera pertsonala (jaioturtea, ezgaitasun-maila, hala badagokio), langilearen familia-egoera (ezkontidearen, ondorengoen eta aurrekoen egoera zibila eta diru-sarrerak) eta kontratu-mota jakin behar dira.

Nafarroako ogasunak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek ezarritako taulen arabera kalkulatzen dira atxikipenak. Minimoa % 2koa da baina langileek tasa altuagoa atxikitzeko eskatu dezakete. Aldizkako kontratu batetik beste batera salto egiten duten langile askori minimoa aplikatzen diote enpresek eta PFEZaren aitorpenean ezustekorik ez izateko langileek askotan atxikipen altuagoak aplikatzeko eskatzen diete enpresei. Gizarte kotizazioan ez bezala, PFEZaren atxikipena aplikatzeko 14 ordainketen arabera kalkulatzen da oinarria. PFEZaren atxikipena gauzako lansariei ere aplikatuko zaie.

Badira nominak aplikatu daitezken bestelako kenkari batzuk, hala nola soldataren aurrerapena (legez langileek soldataren aurrerapena eskatzeko eskubidea dute) edo gauzazko lansarien balioa.

Hartzeko likidoa

Sortzapenen eta kenkarien arteko aldea da eta langileak kobratuko duen dirua da. Nominaren jaulkipen data eta soldataren helbideraketa kontua (banku bitartez kobratzekotan) ere agertuko da. Langileak banku-helbideraketaren bitartez soldata jasotzen duenean ez da beharrezkoa izango nomina sinatzea. Esku dirutan ordaintzen den kasuetan, aldiz, langilearen sinadurarako tokia agertu behar da.

Oinarriak

PFEZa eta Gizarte Segurantzako kotizazioen zenbateko osoa adierazi beharko du. Badira bi oinarri nagusi, PFEZ oinarria (14 hilabeteko haztapenarekin) eta Gizarte Segurantzarena (12 hilabetetan haztatua). 2015eko lege aldaketa baten ondorioz Gizarte Segurantzako kotizazioaren zenbateko osoa eta langileari eta enpresaburuari dagozkien ehunekoak adierazi beharko dira nominetan, horrela, langile bat kontratatzeak enpresa bati eragiten dion kostu osoa ikus ahal izateko. Enpresari dagozkion kotizazioak, guztira, % 30era hurbiltzen dira: Kontingentzia arruntengatik % 23,6 eta Kontingentzia Profesionalengatik (Langabezia, Lanbide Heziketa eta FOGASArako ekarpena) % 6,3.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK