Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak, 2010etik geldirik egon diren babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak igotzeko agindua argitaratu berri du. Hala, araubide orokorreko etxebizitzen prezioak %11,90 eta %13,95 artean igoko ditu Eusko Jaurlaritzak, udalerri bakoitzeko merkatuaren gorabeheraren, eraikuntza-kostuetan izandako igoeren eta Etxebiden izena emandako eskatzaileen erosteko ahalmenaren arabera. Nolanahi ere, igoerak 2010etik metatutako inflazioaren azpitik daude, ia %17ra igo baita.
Babes ofizialeko etxebizitza tasatuen kasuan, aginduak gehieneko prezioak %0,33 eta %10,61 artean jaitsiko ditu. "Etxebizitza mota horiek udalerri bereko etxebizitza libreen prezioaren azpitik mantentzeko beharrari" erantzuten dio aldaketak, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak zehaztu duenez.
Alokairuen eta aldi baterako bizitokietarako kanonak berdin mantenduko ditu Jaurlaritzak. Etxebide zerbitzuaren datuen arabera, alokairu eskatzaileen batez besteko diru sarrerak jaitsi egin dira azken agindutik orain arte.
Gaur egun, 18.473 pertsona daude Etxebiden izena emanda, eta etxebizitza bat erosteko eskatzen dute. %42k 25.000 eurotik gorako diru-sarrerak ditu.