Bankuek eta energia enpresek helegiteak aurkeztu dizkiote ezohiko irabazien gaineko zerga berriari

Kutxabank izan da helegitea aurkezten azkena. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak helegiteek aurrera ez egitea espero du, “herritarren kalterako” izango delakoan

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua | Argazkia: Europa Press Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua | Argazkia: Europa Press

Espainiako Gobernuak bankuei eta energia enpresa handiei ezarritako behin-behineko zergari helegiteak jartzen hasi dira sektore horietako enpresak. Hala, Kutxabank izan da azkena, errekurtsoa aurkeztu baitu Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta kautelazko neurriak eskatu ditu. Errekurtsoa aurkeztu duen hirugarren bankua da, aldez aurretik, Bankinterrek eta Abanca bankuek ere aurkeztu zutelako, bankuen bi patronalekin batera: Espainiako Bankuen Elkarteak bata eta Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak bestea. Energia Enpresen Elkarteak ere aurkeztu du berea. Zergek desabantailan jartzen dituztela salatu dute denek.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du espero duela bankuek eta energia enpresek aurkeztutako helegiteek aurrera ez egitea, bestela erakundeek bide horretatik lortutako diru-sarrerak itzuli beharko lituzketelako. “Hori ez litzateke ona izango, funts horiek inflazioak herritarrengan dituen ondorioei aurre egiteko erabiltzen baitira”, ohartarazi du. Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 2023an eta 2024an 400 milioi euro gehiago jasoko lituzkete zerga berri horrekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK