• EKONOMIA
  • Bardea berdatu da, baina erleen transhumantziak ez du etenik

Bardea berdatu da, baina erleen transhumantziak ez du etenik

Javier Lazaroren erleek laster utziko dute Bardea, Moncayo mendira goititzeko

    Javier Lazaro corellarra erlezaina da | Argazkia: utzita
    Javier Lazaro corellarra erlezaina da | Argazkia: utzita
    2025eko maiatzaren 30a

    Nafarroako Bardeak inoiz ez bezalako itxura du aurten. Udaberriko euriteek kolore berdez zipriztindu dute bertako paisaia idorra. Eta eremu lehorrenak ere, indarrez loratu dira. Javier Lazaro corellarrarekin egin dugu hitzordua, Erriberako erlezaina ziztadez babesteko jantziarekin heldu da eta azalpenak egiten dizkigun bitartean poto txiki batean sua piztu du. Bardea Zurian dituen erlauntzera iristen denean egiten duen lehendabiziko gauza da, keak erleak baretzen dituelako. Lazarok urte luzeetako esperientzia du erlezaintzan “erleak abeltzaintza arloan sailkatzen badira ere, animalia basatiak dira eta ezin dira etxekotu”.

     

    Bardeetako paisaia idorra da oso, eta horregatik atentzioa ematen du erleek bertan eztia egitea. “Erleek paisaia ospelenetan polena eta nektarra aurkitzeko ahalmena dute, ikusmen termikoarekin gizakiek uste ez dugun tokietan ere, topatzen dute zer bildu”.

    Aurtengo udaberria ezohikoetan ezohikoa izan da, Bardeek inoizko loraldirik oparoena izan dute. Mitxoletak, ezkaia, erromeroa, malba eta izpiliku basatiak agertu dira ezker eskuin. "Bitxia da. Inoiz ikusi ez dudan lekuetan daude orain liliak. Baina, badakigu loratze hau laburra dela. Tenperaturak gora egin ahala, dena lehortuko da bi egunetan".

     

    “Erleek paisaia ospelenetan polena eta nektarra aurkitzeko ahalmena dute, ikusmen termikoarekin gizakiek uste ez dugun tokietan ere, topatzen dute zer bildu”

    Bardean tenperaturak jadanik emendatzen hasi dira, eta Erriberako desertuan udak oso gogorrak dira erleentzat. Termometroek errez egiten dituzte 40 graduak, nektarra desagertzen da eta erleak hiltzeko arriskua dute beraz, laster hasiko da transhumantzia.

    Lazarok mugitze lanak egiten ditu zaintzapean dituen erleekin. Eztia bildu ondoren, animalia txiki eta basati horiek Moncayo mendiaren magalera eramanen ditu. Transhumantziari esker, urtean zehar hainbat loraldi aprobetxa daitezke eta erleak aktibo eduki hilabete gehiagoz. Transhumantziak erlauntzei hilabete beroenetan eragin diezaiekeen estres termikoa ere saihestuko du. "Mugitzea ez da aukerakoa, funtsezkoa da. Bardean eztia biltzen dugu apirilean eta maiatzean gero ingurua aldatzea tokatzen da. Kontua ez da soilik beroa saihestea, baizik eta nektar eta polen iturri berriak eskaintzea", azaldu du.

    image1
    Ezti ekologikoa ekoizten du Lazarok | Argazkia: utzita



    Horregatik, ekainetik aitzina, Lazarok Moncayora eramaten ditu erlauntzak. Han baldintzak erabat aldatzen dira. Lan egiten duen parajeen batezbesteko altitudea 1.000 metro ingurukoa da, eta, hortaz, tenperaturak leunagoak dira. Hezetasuna handiagoa da eta gainera, loraldia udazkenera arte luzatuko da. "Moncayon izpilikua dago, txilarra, salbia eta haritza. Eztia kolorez aldatzen da, ilunago bihurtzen da, biziagoa. Zapore sakonagoa du, lurraldeak nortasuna ematen dio eztiari", adierazi du.

    Lazaroren merkataritza marka, "111 44", eta ez da ausazko zenbaki bat. Moncayoko goiko aldean kudeatzen dituen 111 hektareak eta lehen kanpainan hara eraman zituen 44 erlauntzak aipatzen ditu. Gaur egun, aunitzez gehiago erabiltzen ditu, baina, izenak jatorri hori gogorarazten jarraitzen du. "Urte garrantzitsua izan zen. Transhumantzia osoaren aldeko apustua egin genuen eta ongi atera zen. Markak hori bera jasotzen du gure lotura mendi horrekin", nabarmendu du.

    Ekoizten duen eztia ekologikoa da. Horrek erran nahi du erlauntzak pestizidekin edo giza jarduera intentsiboko eremuekin tratatutako laboreetatik hiru kilometro baino gehiagora mantendu behar direla. "Baldintza aunitz bete behar dira eztia ekologikoa izan dadin. Errate baterako, ezin ditut erlauntzak baserrien ondoan paratu, ezta negutegi edo errepideen ondoan ere. Horrek guztiak kutsatu egiten du", argitu du.

    Bardeak eta Monkayo mendiaz gain, erlezainak bertze geldiune bat du eztiaren prozesuan, bere etxeko lantegia, Nafarroako Erriberako Corella herria. Bertan, eztia atera, iragazi eta ontzietan biltzen du. Hotzean iragazteko prozesua egiten du bertan eta ez du eztia berotzen. Ez du ezti mota bakoitza ere, nahasten. Lote bakoitza bereizita mantentzen du lurraldearen eta urteko sasoiaren arabera. "Corellan potoratzea besterik ez dugu egiten. Eztia primeran heltzen da biltzetik, zikinkeriak kentzen ditugu bai, baina, ez dugu ezer manipulatzen", dio.

    "Badira erlauntza urduriak eta beste batzuk lasaiagoak. Batzuek asko ekoizten dute, beste batzuk ia ezer ez. Ezagutu egin behar dira eta batez ere, so egin behar da"

    Erleekin lan egiteak etengabeko esperientzia eta arreta eskatzen du. “Animalia hauek dute obeditzen, beren arauak dituzte. Eta erlauntza bakoitza desberdina da, badira erlauntza urduriak eta beste batzuk lasaiagoak. Batzuek asko ekoizten dute, beste batzuk ia ezer ez. Ezagutu egin behar dira eta batez ere, so egin behar da", erran digu.

    Erleen portaeraren alderdirik liluragarrienetako bat orientatzeko duten gaitasuna da. Lazarok nabarmendu du ikusmen termikoa dutela. Loreetan eta ingurunean tenperatura-aldeak antzematen dituzte. Horrek aukera ematen die nektar-iturriak aurkitzeko, baita baldintza zailetan ere. "Ez dute GPSrik behar. Maparik ez. Badakite joaten eta itzultzen. Sei kilometro egin ditzakete eta zehatz itzuli eta egun osoan egiten dute, gelditu gabe. Lur lehorretan ere, bilatzen dutena aurkitzen dute", adierazi du.

    image0
    Argazkia: utzita

    Baina lurrak jatekoa ematen dizunean, erne eta adi ibiltzea tokatzen da, klimak lan guztia baldintzatzen duelako. Udaberrian euria egiten duen urte batek hasierako loraldi ona ekar dezake, kanpaina honetan gertatu den bezala. Baina, gero ekainean bero-bolada bat iristen bada, dena alda daiteke egunetan. "Naturak ez du eredu finko bat jarraitzen. Ezin duzu planifikatu fabrika batean bezala eta zerua begiratu behar da, mendia entzun eta egokitu", dio. Bukatzeko gure lagun corellarrak erleek izadian eta ekosisteman eragiten duten onura goraipatu digu. Eztia ekoizteaz gain, erleek funtsezko funtzio ekologikoa betetzen dutelako: polinizazioa. Horiek gabe labore asko desagertuko liratekeela azpimarratu du. "Almendrak, gereziondoak, meloiak, kalabazak polinizatzen dituzte erlek, lilia duen landare guztiak haien esku daude. Erlerik ez badago, ez dago frutarik. Eta frutarik gabe ez dago sororik", azaldu du irmo.

    Eta guk adio erran diogu Javier Lazarori Corellako bere lantegi txikian. Transhumantzia ona izan dezan eta erleek uda goxoa iragan dezaten Moncayoko magalean.