• EKONOMIA
  • Baso lanetan ari zen langile bat hil da Azkoitian

Baso lanetan ari zen langile bat hil da Azkoitian

Urrategi auzoko baserri batean lanean ari zela, enbor bat gainera erori zaio beharginari. 44 urte zituen

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026ko abuztuaren 6a - 15:37
Eg. 2026ko abuztuaren 7a - 09:21

44 urteko langile bat hil zen atzo Azkoitian, baso lanetan ari zela, enbor bat gainean erorita. Ezbeharra 14:30 inguruan jazo zen. Langilea Gipuzkoako udalerriko Urrategi auzoko baserri batean ari zen lanean. Jaurlaritzako Segurtasun sailak eta LAB sindikatuak jakinarazi dutenez, larrialdi zerbitzuak bertara gerturatu ziren, baina ezin izan zuten bere bizitza salbatu.

 

LABek elkartasuna eta babesa helarazi nahi izan dizkio langilearen senide, lagun eta lankideei, baita basogintzako sektoreko langile guztiei ere. “Zoritxarrez, ez dira gertakari isolatuak. Urtez urte, basogintzan, garraioan eta arrisku handiko beste sektore batzuetan antzeko lan istripu hilgarriak errepikatzen dira. Lan baldintza gogorrak, ekoizpen-presioa, prebentzio-neurri eskasak eta administrazioen kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean”, adierazi du sindikatuak ohar bidez.

LABen arabera, atzoko heriotza aintzat hartuta 39 langile hil dira aurten Euskal Herrian lan istripuz. Basogintzan, garraioan eta arrisku handiko gainerako sektoreetan prebentzioa, kontrol publikoa eta lan baldintzak “benetan” hobetzea eskatu du sindikatuak. “Langileen osasuna eta bizitza edozein interes ekonomikoren gainetik jarri behar dira beti”, aldarrikatu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain