“Sendoa da eta proiekzioa du”. Hori esan du gaur Oskar Azkarate Baskegur EAEko egurraren erakundeko zuzendari nagusiak lurraldeko baso-egurraren sektoreari buruz. Material jasangarrien eskariaren gorakadak lagundu egin du sektorea: “Jarduerak dinamismo nabarmena du, oro har, eraikuntzan eta enbalajean, eta sektorearen etorkizuna oso positiboa da”, dio Azkaratek. Halere, tokiko egurraren hornikuntza bermatzeko lanean jarraitzea garrantzitsua dela ere azaldu du Baskegurrekoak.
Araudi berriari esker baso-kamioien gehieneko karga 44 tonara igo izana “aurrerapen handia” dela gaineratu du Azkaratek, sektorearen lehiakortasuna sustatzen duelako eta Europako “bizilagunekin parekatzen” duelako EAE, nahiz eta lurraldeko basogintza-industria “Europako hegoaldeko sendoenetakoa” izan.
Bide batez, erakundeak gogorarazi du EAEn baso andana dagoela: azalera osoaren %55 baino gehiago, hau da, 400.000 hektarea inguru, basoz estalita dago; are gehiago, “ia erdia baso hostozabal autoktonoak dira”, agerian utzita EAEko mendiaren “dibertsifikazio progresiboa”.
Espainiako Estatuko suteek, ordea, egoera zaildu besterik ez dute egin azken boladan. EAEn, ordea, azken urteetako sute ratiorik baxuenetakoa izan da aurtengoa, eta hori prebentzioari esker izan dela azaldu du Azkaratek. “Baso-kudeaketa jasangarri aktiboa da prebentziorako tresnarik onena”, berretsi du.
