
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basotik Fundazioak BasoHub izeneko proiektua aurkeztu du gaur goizean. Ohar bidez azaldu dutenez, “sektore anitzeko lankidetza bultzatzea” izango du helburu, “lurraldeko basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarrian aurrera egiteko”.
Fundazioak hainbat proiektu abiarazi nahi ditu sektoreko eragileekin nahiz beste eragile ekonomiko batzuekin, bost eremu estrategiko hauetan sakondu nahi dutelarik: “osasuna eta ongizatea; sentsibilizazio eta parte-hartze soziala; kultura, nortasuna eta lurraldea; baso-kudeaketa jasangarriari aplikatutako I+G+B, eta bioekonomia, deskarbonizazioa eta baso-erabilera berriak”.
“Azken urte honetako esperientziak agerian utzi du beharrezkoa dela esparru bat sortzea, gizarteko, ekonomiako eta sektoreko eragile guztiak modu eraginkorragoan kudeatu, ikusarazi eta konektatzeko, baso-kudeaketa kolektibo eta jasangarriarekin bat datozen ekintzen inpaktua biderkatzeko”, adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoa izan da Arruti Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko gerentearekin. Proiektuaren inguruko hainbat xehetasun aurreratu dituzte, izan ere, gaur arratsaldean Basotik Fundazioaren lehen batzarra egingo da Donostiako Kursaal Jauregin, eta bertan informazio gehiago eskainiko dite ehun baso-jaberen aurrean.
Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak nabarmendu du bioekonomia aukera paregabea dela basoak garapen jasangarriko eta tokiko enplegua sortzeko motor bihurtzeko. Ildo horretan, adierazi du BasoHuben bidez sustatu egingo direla ekoizpen ekonomikoa eta ingurumen-kontserbazioa uztartzen dituzten eredu zirkular eta multifuntzionalak. “Baso-kudeaketak”, azpimarratu du Arrutik, “atea irekitzen du hainbat jarduera ekonomiko garatzeko, eta, jarduera horiek baliabideak modu arduratsuan aprobetxatzeaz gain, landa-ingurunea biziberritzen eta haren ekonomia- eta gizarte-sarea indartzen ere laguntzen dute”.
Gaur goizeko agerraldiak Basotik fundazioaren lehen urte eta erdiko balantzea egiteko balio izan du. Ostolaza pozik agertu da egitasmoak Gipuzkoako herritarren artean piztu duen interesagatik. “Promozioaren lehen hilabeteetan, 1.800 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Basotik Fundazioaren xehetasunak ezagutzera. Gure hasierako asmoa zen urtea 1.000 hektarea baso baino gehiago kudeatuz amaitzea. Kopuru hori gainditu egin dugu Gipuzkoako jabeek, gure proposamenak onartuta, astero gugan jartzen duten konfiantzari esker”.