Basque Circular Summit 2022, ekonomia zirkularrari eta ekodiseinuari lotutako topaketa Ficoban

Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia zirkularrari lotutako 18.463 enplegu daude, enplegu osoaren %2,08

Aratxa Tapia Basque Circular Summiten aurkezpenean | Argazkia: Irekia Aratxa Tapia Basque Circular Summiten aurkezpenean | Argazkia: Irekia
Euskal enpresek ekonomia zirkularraren alde egiten duten apustua Irungo Ficoba erakustazokan izango da ikusgai asteazkenetik ostiralera bitarte. Bertan inauguratu da Basque Circular Summit, hainbat industria-sektoretako 600 profesional biltzen dituena. Kongresuaren irekieran Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak hartu du parte, eta euskal industriak berotegi-efektuko emisioak murrizteko duen "konpromiso sendoa" azpimarratu du.

Euskadin ekonomia zirkularrarekin lotutako 18.463 enplegu daude, enplegu osoaren %2,08, Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa, %2 eta %1,71, hurrenez hurren. Kalkuluen arabera, irtenbide berritzaile zirkularragoak abian jarriz gero, euskal enpresek %6 aurreztu ahal izango lukete lehengaien kontsumoan, eta horrek urtean 2.000 milioi euro aurreztea ekarriko luke, erdia metalaren eta mugikortasunaren sektoreei dagokiena.
 

‘Zirkularrak’ erakusketa

Basque Circular Summitek, Ihobe sozietate publikoak eta Spri taldeak antolatua, nazioarteko adituak biltzen ditu eta Euskadik ekonomia zirkularraren alde egindako apustuaren erakusleiho gisa balio du. Apustu hori ‘Zirkularrak’ izeneko erakusketan dago ikusgai.


Erakusketan Euskadin egindako 175 produktu ekodiseinatu daude bilduta, tartean, ardi gazta helduaren aroma-saltsa bat. Laktosueroa erabili dute saltsa egiteko, Idiazabal gaztaren elaborazioan sortutako azpiproduktua, orain arte bota egiten zena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK