• EKONOMIA
  • Donostian bilduko da Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordea

Donostian bilduko da Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordea

Talaia topaketan itsasoari lotutako gastronomia aztertuko dute sektoreko adituek

Batzordea Donostian biltzen den hirugarren aldia da | Argazkia. BCC
Batzordea Donostian biltzen den hirugarren aldia da | Argazkia. BCC
2025eko irailaren 2a - 10:43

Basque Culinary Centerren (BCC) Nazioarteko Kontseilua urriaren 20tik 22ra bitartean elkartuko da berriro ere, Donostian. Jardunaldira nazioarteko chefak bertaratuko dira, eta hiru egunetan zehar orotariko jarduerak egingo dira, gastronomia sektorearen gainean eztabaidatzeko eta berrikuntzak partekatzeko.

 

Hamabosgarren edizioak “itsasoari eta tokiko gastronomiari estu lotutako tradizioak, ekoizleak, ideiak eta eraldaketak uztartuko” ditu. Hirugarrenez bilduko da Kontseilua Donostian, 2010. urtean eta 2015.ean ere Gipuzkoako hiriburua izan baitzen anfitrioi. Kontseiluak zenbait betebehar izaten ditu: BCCren proiektu estrategikoetan aholkuak ematea, aukerak identifikatzen laguntzea, eztabaidak irekitzea… eta, horretarako, profesionalez osatzen da taldea: Joan Roca (Espainia), Gastón Acurio (Peru). Yoshiro Narisawa (Japonia) eta Elena Reygadas (Mexiko) dira, beste askoren artean, fundatzaileetako batzuk.

Hain zuzen, chef horiek izango dira, besteak beste, Donostiara gerturatuko direnak eta ekitaldian parte hartuko dutenak. GOe (Gastronomy Open Ecosystem) proiektu estrategikoak emango dio hasiera ekitaldiri: ikerketa, ekintzailetza eta goi-mailako prestakuntza sustatzen ditu sektoreko erronkei aurre egiteko asmoz. Ondoren, Talaia izeneko ekitaldiarekin emango zaio jarraipena topaketari.

 

Ekimen horrek itsasoarekin lotutako gastronomian jarriko du fokua, orainari zein etorkizunari erreparatuta. Parte hartzaileek ezagutzak partekatu, aukerak detektatu eta zeregin berriak aurkituko dituzte Talaian, eta, hala, helburu izango dute eredu jasangarriago, nutritiboago eta berritzaileagora iristea. Joan Roca Nazioarteko Batzordeko presidentearen ustetan, Talaia “aukera paregabea” izango da arrantza jasangarrian aurrerapenak egiteko.

Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea ere hautatuko da topaketan.