Eusko Jaurlaritzak eta BCC Basque Culinary Centerrek elkarlanean sustatuta, nazioarteko gastronomia sariketaren edizio berri bat egingo da gaur Donostian, Basque Culinary World Prizen 10. edizioa, hain zuzen. Modu honetara, aitortza egin nahi zaie egitasmo eraldatzaileak landu dituzten sukaldariei, eta edizio honetan Leticia Landa estatubatuarrari emango diote saria.
Landak La Cocina izeneko proiektuari esker jasoko du aitortza. San Franciscon (AEB) garatutako proiektu honek helburu du hiriko emakume etorkinei ostalaritza munduan barneratzeko aukera ematea. Landa bera mexikar etorkinen alaba da, nahiz eta Texasen jaio zen.
“Aurten, Leticia Landari bere lan inspiratzaileagatik saria emateaz gain, hamar edizio ospatzen ditugu, eta, BCWPren bidez, gastronomia teknika edo tradizioa baino askoz gehiago dela erakusten jarraitzen dugu: komunitateak eraldatzeko, bizitzak hobetzeko eta etorkizun gizatiarrago bat eraikitzeko gai den indarra da”, adierazi du Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak.
Aurreko urteetako irabazle guztiak lehen aldiz bildu dira gaur, Donostian, eta euren gastronomia proiektuak partekatzeko aukera izan dute. Halaber, gaur arratsaldeko sariketan emango zaio saria Landari, eta bertan izango dira, besteak beste. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Joan Roca, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiburua eta Vicente Atxa, Basque Culinary Centerreko patronatuko presidentea.