• EKONOMIA
  • Elikagaien sektorearen eta teknologiaren uztartzea aztertu dute Inspira + Innova 2025 ekitaldian

Elikagaien sektorearen eta teknologiaren uztartzea aztertu dute Inspira + Innova 2025 ekitaldian

Basque Food Clusterrek antolatutako egitasmoan sektoreko ehunka profesionalek hartu dute parte

Bilboko B Accelerator Towerren egin da ekitaldia | Argazkia: Basque Food Cluster
Bilboko B Accelerator Towerren egin da ekitaldia | Argazkia: Basque Food Cluster
2025eko urtarrilaren 24a
Eg. 2025eko urtarrilaren 24a

Inspira + Innova 2025 ekitaldia egin da gaur Bilboko B Accelerator Towerren (BAT), Basque Food Clusterrek antolatuta. Egitasmoaren helburua izan da aztertzea teknologiak eta Adimen Artifizialak (AA) elikaduraren alorrean izan dezakeen eragina, eta horretarako elikagaien sektoreko ehundik gora profesional bildu dira Bilbon.

 

Ekitaldiari hasiera emateko ‘2025eko Elikadura Joeren Txostena’ aurkeztu da, Juan de los Angeles aholkulariak eginiko hitzaldian. Hainbat gai jorratu ditu: zaintzarako elikadura, alegia, ongizate pertsonalera bideratutako elikadura; pertsona helduagoen kolektiboarekiko ikuspegia, zeinak haien beharretarako produktu espezifikoak behar dituzten; jasangarritasunaz ere aritu da, ekonomia zirkularrari eta nekazaritza birsortzaileari buruz.

Mahai ingurua ere prestatu du Basque Food Clusterrek, eta bertan landu dira AAk elikagaien sektorean dituen aplikazio kasuak. Parte-hartzaile gisa aritu dira Mercedes Fernández Escribano (Hijos de Rivera korporazioko AAko arduradun orokorra), David Sánchez (Carrefour Españako IT, Arkitektura eta Berrikuntzako zuzendaria) eta María Teresa Linaza (Vicomtech zentroko Garapen Instituzionaleko eta Sustapeneko zuzendaria).

 

AAren erabilera kasuak enpresetan

Mahai inguruan parte hartu dutenek AArekin duten esperientzia azaldu dute. Hijos de Riveraren kasuan, Mercedesek dio AA baliagarria zaiela, batetik, zapore eta produktu berriak sortzeko (prototipoak simulatuta), eta, bestetik, eskaria aurreikusteko eta eraginkortasuna handitzeko. Izan ere, tresnen bitartez bezero motei buruzko datuak jasotzen dituzte, eta, hala, baliabideen erabilera optimizatzen dute.

Daviden esanetan, Carrefourren giza baliabide lanak errazten ditu AAk. Teknologiaren bitartez lan profilen eskaera denbora errealean aurreikusten dute, eta horrek langileen eskasia posibleei aurrea hartzen laguntzen die. Gainera, sustapen pertsonalizatuak sortzen dituzte, bezero bakoitzaren gustu eta kontsumora oinarrituta

Azkenik, Vicomtecheko María Teresak azaldu du AA erabiltzen dutela produktibitatea handitzeko, baliabideak optimizatzeko, eta osasun publikoaren babeserako aukera berriak sortzeko. Baliagarria zaie nekazaritzan, klima aldaketak espezietan duen eragina aztertzeko; elikagaien industrian ere erabiltzen dute, proteina berriak aurkitzen laguntzeko eta ontziratzean mikroporoak detektatzeko; kontsumitzaileei begira, nutrizio aukera pertsonalizatuak eskaintzeko erabiltzeaz gain, obesitatea edo desnutrizioa detektatzeko ere aprobetxatzen dute.