• EKONOMIA
  • Bazka Mahaietik haserre atera dira nekazaritza sindikatuak

Bazka Mahaietik haserre atera dira nekazaritza sindikatuak

Salatu dute bazka erosketa bateratua egiten ez bada, ekoizpen kostuak nabarmen handituko zaizkiela

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko irailaren 2a - 11:14
Eg. 2026ko irailaren 2a - 11:14

Atzo arratsaldean egin zuten Bazka Mahaia Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak eta nekazaritzako hainbat sindikatuek, eta azken horiek haserre atera ziren bertatik. Azken hilabeteetako lehorteek abeltzainen ustiategietan eragindako kalteak nola konpondu zuten hizpide mahaian, eta nekazarien ordezkariak ez dira konforme Jaurlaritzak proposatutakoarekin.

 

Asteburuan Amaia Barredo sailburuak aurreratu zuen ez zutela bazka erosketa bateraturik egiteko asmorik, eta hala berretsi zuen Jaurlaritzak atzoko bileran. Sindikatuek ez dute begi onez ikusi erabaki hori, eta salatu dute negura begira aparteko erosketak egin beharko dituztela, eta horrek beren ekoizpen kostuak are gehiago garestitu dizkiela.

Kontrara, Nekazaritza Sailak uste du ustiategiek badutela beren abereak elikatzeko nahikoa bazka hurrengo hilabeteetarako. Jaurlaritzak eginiko kalkuluen arabera, sektoreak 9.000 tona lasto, 8.000 tona arto, 10.000 tona alpapa eta 2.000 tona pentsu kontzentratu beharko ditu datozen hilabeteetan.

 

Sindikatuek aitortu dute tokiko hornitzaileek izan dezaketela Jaurlaritzak proposatutako adina bazka, baina argitu dute ustiategi askok ez dutela likideziarik aparteko erosketak egiteko, bazka garestitzen ari delako eta abereen prezioak behera egin duelako, besteak beste.

Gauzak horrela, bai ENHE bai ENBAko ordezkariak atsekabetuta atera ziren bileratik. Gipuzkoako ENHE elkartearen presidente Garikoitz Nazabalen esanetan, bilera eduki aldetik “hutsaren hurrengoa” izan da. ENBAko Xabier Iraolak ere itxaropen eza aldarrikatu du, eta arazoari uko egin izana leporatu dio Jaurlaritzari.

Gauzak horrela, sindikatuek ez dute baztertu datozen asteetan hainbat mobilizazio egitea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain