• EKONOMIA
  • BCC eta AgroBank nekazaritzako elikagaien sektoreko belaunaldi berriei laguntzeko elkartu dira

BCC eta AgroBank nekazaritzako elikagaien sektoreko belaunaldi berriei laguntzeko elkartu dira

Bi erakundeek ezagutza eta 'networking' komunitate bat sortzeko lankidetza eratu dute

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Juan Pedro Badiola CaixaBankeko lurralde zuzendaria | Argazkia: Utzitakoa
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Juan Pedro Badiola CaixaBankeko lurralde zuzendaria | Argazkia: Utzitakoa
2023eko uztailaren 20a
Eg. 2023eko uztailaren 20a

Basque Culinary Center (BCC) eta AgroBank nekazaritza sektoreko belaunaldi berriei ahotsa emateko asmoz elkartu dira. Bi erakundeek ezagutza eta networking komunitate bat sortzeko batu dira, industriaren izaera eraldatzailea erakutsi nahian, eta datozen hilabeteetan, konponbideak eskainiko dizkie sektoreko hainbat arazoei. Hala, AgroBankek BCCren patronatuarekin bat egin du. Erakundean izen handiko enpresak eta sukaldariak daude, hala nola Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano edo Martín Berasategi. "Guretzat harro egoteko modukoa da hain proiektu disruptibo eta berritzailearekin bat egin ahal izatea", dio Juan Pedro Badiolak CaixaBankeko lurralde zuzendariak eta gaineratu du, AgroBanketik "nekazaritzako elikagaien eta gastronomiaren unibertsoaren ziurgabetasunei erantzuteko asmo argia dugu".

 

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak nabarmendu duenez, AgroBank patronatuan sartzeak "fokua gazteen talentuan jartzea ahalbidetzen digu nekazaritzako elikagaien sektorean, eta ikuspegi gastronomiko batetik betiere". BCCren helburu nagusia gastronomiari buruzko berrikuntza, prestakuntza eta ikerketa ekosistema bat sustatzea da. Halaber, 2022an, AgroBankek 29.479 milioi euroko proiektuak finantzatu zituen, aurreko ekitaldian baino %95,6 gehiago. Duela gutxi, AgroBankek start upak bizkortzeko programa bat ere abiarazi du nekazaritzako elikagaien sektorerako. Innsomnia start up azeleratzailarekin lankidetzan garatzen den ekimen honen bidez, erakundea start upen erreferente nagusia da sektoreari irtenbide teknologikoak eskaintzen. CaixaBankeko dibisioak 1.175 bulego baino gehiago ditu lurralde osoan banatuta, bezeroei aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen dieten kudeatzaile espezializatuak tartean.

Bestalde, CaixaBankek higiezinen merkatuaren "desazelerazioa" antzeman du Espainian, nahiz eta hasierako aurreikuspenak baino erritmo txikiagoan eman. Hain zuzen, banku-erakundearen ikasketa-zentroaren txosten baten ondorio nagusietako bat da hau, eta txostenaren arabera, salerosketen beherakada "nabarmena" izan da, eta "neurrizko" eragina izan dute prezioetan. Bigarren seihilekoari begira, CaixaBanken ustez, aldi hori "funtsezkoa da sektoreak interes-tasen hazkunde handiaren eta ekonomiaren ahultzearen aurrean duen erresistentzia-maila ebaluatzeko". Etxebizitza berrien eskaintzari dagokionez, etxeen sorrera garbia baino txikiagoa izaten jarraituko duela uste da. Lehen seihilekoan merkatuan "joera-aldaketa" egon dela egiaztatzen duen txostenak etxebizitzen prezioaren "desazelerazioa" ere aurreratzen du, datorren urtetik aurrera nabarituko dena.