• EKONOMIA
  • BECek 45,5 milio euroko eragina izan du ekonomian 2021ean

BECek 45,5 milio euroko eragina izan du ekonomian 2021ean

Azoka esparruko arduradunen hitzetan “jarduera berreskuratzea” izan da 2021eko helburua. 207 ekitaldi antolatu dituzte eta 789.523 bisitari igaro dira BECetik

BECen egindako aurtengo azoketako bat. | Argazkia: BEC
BECen egindako aurtengo azoketako bat. | Argazkia: BEC
Barakaldo
2022eko urtarrilaren 13a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

“Jarduera berreskuratzeko” bideari ekin dio Bilbao Exhibition Center-ek (BEC) 2021ean: 45,5 milioi euroko eragina izan du ekonomian, 207 ekitaldi antolatu ditu, eta 5,6 milioi euro bildu ditu. Bestela esanda, 2020an bizitako egoerari buelta ematen ari da pixkanaka: 10,7 milioi euroan handitu da aurreko urtean izandako eragin ekonomikoa, eta 113 ekitaldi gehiago egiteko aukera izan dute.

 

Urte osoan ekitaldiak egin badira ere, Barakaldoko erakustazokaren jarduera biziagoa izan da udatik aurrera. Izan ere, pandemia gelditzeko hartutako neurriak leundu eta ia desagertu ziren irailan, eta horrek eragina izan du azoka jardueran. Datu orokorrak kontuan hartuta, konbentzioak izan dira nagusi 2021ean; zehazki, 159 egin dituzte. Horrez gain, 26 feria ere hartu ditu erakustazokak, baita Bizkaia Arenan 22 ekitaldi antolatu ere. Guztira, 789.523 bisitari izan dituzte 2021ean, eta 959 enplegu sortu.

Ez-ohiko funtzio bat ere bete du BECek: 6. pabilioia txertaketa masiboa egiteko erabili du Osakidetzak apiriletik ekainera. Hala ere, oraindik ez dute lortu pandemia aurreko zifretara hurbiltzea: 2019an 92,5 euroko eragin ekonomikoa izan zuten, iazkoaren bikoitza alegia, eta soilik bost ekitaldi gehiago antolatu zituzten; bilketa ere bikoitza izan zen gutxi gora behera, 11,5 eurokoa; eta urte horretan 1.908 lanpostu sortu ziren, iaz baino 1.000 gehiago, alegia. Edozein kasutan, urte berriari “baikor” ekin diote, eta nazioarteko azokak “berreskuratzeko prest” daudela azaldu dute. Besteak beste, nabarmendu dute Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, ekainean izango baita 31. edizioa, fabrikazio aurreratuan “lider” diren enpresekin.