• EKONOMIA
  • Begien bistakoa da: mobilizazioak jendetsuak izan ziren

Begien bistakoa da: mobilizazioak jendetsuak izan ziren

Jende andana bildu zen atzo kaleetan, hainbat herri eta hirietan antolatutako etxebizitza eskubidearen zein soldata duinen aldeko manifestazioetan

Iruñeko eguerdiko mobilizazioa | Argazkia: EnpresaBIDEA
Iruñeko eguerdiko mobilizazioa | Argazkia: EnpresaBIDEA
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko azaroaren 12a - 05:30
Eg. 2026ko azaroaren 12a - 07:46

Egun adierazgarria izan zen atzo Hego Euskal Herrian. Kaleak jendez lepo bete ziren, goizeko pikete eta mobilizazioetatik hasi eta arratsaldeko manifestazioetara arte. Manifestariak goizean goiz hasi ziren lehen piketeekin, eta hainbat errepide itxi ziren lau lurraldeetan zehar, N-1 errepidea, kasu. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Goizaldean egin zuten sindikatuek lehen balorazioa, balorazio baikorra: "Industria etenda dago poligono askotan", azaldu zuten. LABek Nafarroako Volkswagenen egoitzan eman zion grebari hasiera, pikete batekin, eta gainerako industrialdeetan ere jarduera nahiko mugatua zegoela adierazi zuten. Hainbat enpresek aurrez abisatu zuten ez zutela pertsiana igoko, eta halaxe izan zen. 

Zerbitzu publikoan gutxienekoak ezarri zituzten Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuak, udalak itxi egin ziren, eta garraio publikoan ere gutxieneko zerbitzuak eskaini ziren goizean goizetik. Gasteizko udala izan zen lehenetarikoa datuak argitaratzen, kasu horretan Tuvisa hiri-autobusen enpresari buruzkoak: lanera deitutako 104 langileetatik 26k egin zuten greba.

 

Goizeko mobilizazio eta piketeekin batera, han eta hemen jendea atxilotzen ari zirela abisatu zuten sindikatuek. Beranduxeago Ertzaintzak berak argitara eman zuen goizean zehar 13 pertsona atxilotu zituztela EAEn, eta beste pertsona bat Nafarroan

08:30ean hasi ziren lehen mobilizazioak, egunak argitu ahala, ELA sindikatuaren eskutik. Donostian, Bilbon, Iruñean zein Gasteizen abiatu ziren ehunka lagun. Beste zenbait tokitan, mobilizazioekin hasi aurretik auzokide eta maizterrekin batera gosariak egitea erabaki zen, hala nola Donostiako Benta Berrin eta Erandioko Los Ochosen, elkartasun jarduera gisa.

Goizeko mobilizazio eta piketeekin batera, han eta hemen jendea atxilotzen ari zirela abisatu zuten sindikatuek. Beranduxeago Ertzaintzak berak argitara eman zuen goizean zehar 13 pertsona atxilotu zituztela EAEn, eta beste pertsona bat Nafarroan. Atxilotuetako bat Derioko informazio-pikete bateko kidea zen. Furgoneta gidari batekin tirabira izan zuen, eta azken hori Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Beste atxilotu bat Iruñeko Karlos III etorbidean zegoen grebalari bat izan zen; Caixabanken egoitzan zeuden manifestariak, bankuak "etxebizitzarekin egiten duen espekulazioa" salatu asmoz, baina poliziak "bortizki mugiarazi" zituzten eta horietako bat atxilo eraman. 

Eguerdiko mobilizazioak

Mobilizazio nagusiak 12:00 eta 12:30ean abiatu ziren, Donostiatik, Bilbotik, Iruñeatik, Gasteiztik, Tuteratik eta Eibarretik. "Azken urteetan izandako grebarik jendetsuenak" izan omen ziren, testigantza askok esandakoaren arabera. EnpresaBIDEAko kazetari bi ere izan ziren Iruñeko zein Donostiako manifestazioetan, eta euren begiekin baieztatu ahal izan zituzten mobilizazioek izandako atxikitze maila altuak.

Bilbokoak Arriaga plazatik abiatu ziren, Donostiakoak Pio XIItik, Gasteizkoak Bilbo plazatik, Iruñekoak Gaztelu plazatik, Tuterakoak Foru plazatik eta Eibarrekoak Untzaga plazatik. Lau hiriburuen kasuan, zenbait zutabe egin ziren manifestazio nagusira denak elkarrekin iritsi aurretik: Donostian Antiguotik, Norteko geltokitik eta Anoetatik abiatu ziren; Gasteizen Errekaleorretik, Eusko Jaurlaritzatik eta Iparraldetik; Iruñean Antsoainetik, Mendillorritik, Burlatatik, NUPetik eta Ospitaleetatik; eta Bilboren kasuan Udaletxetik, Guggenheimetik eta Zabalburu plazatik. 

Manifestazioetan parte hartu zuen jende andana zela-eta, toki askotan manifestazio buruak helmugara iritsiagatik hasierako lekuan jarraitzen zuten beste hainbeste manifestarik

Bestalde, CCOO sindikatuak hiru manifestazio antolatu zituen zertxobait lehenago: bi 11:30ean, Bilbon (Plaza Euskaditik) eta Gasteizen (Olaguibel kaletik), eta bat 12:00etan, Donostian, Alderdi Ederretik. 

Hasi puntual hasi baziren ere, amaierara puntual heltzea konplexuagoa izan zen. Manifestazioetan parte hartu zuen jende andana zela-eta, toki askotan manifestazio buruak helmugara iritsiagatik hasierako lekuan jarraitzen zuten beste hainbeste manifestarik. Jendez betetako plazen irudiak ikusgarriak izan ziren. 

Arratsaldean ere hamaika mobilizazio antolatu zituzten ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, bai hiriburuetan, bai 70 herri baino gehiagotan. 

Greba egun arrakastatsua

Sindikatu guztiek grebaren "arrakasta" azpimarratu zuten, bai goizean goiz, baita eguerdian ere. CCOO sindikatuko Santi Martinez idazkari nagusiak etxebizitzaren garestitzea, bizi-kostua eta erosteko ahalmenaren galera jarri zituen aldarrikapenen erdigunean, eta etxebizitza berri bat erosteko hamar urteko soldata behar dela azpimarratu zuen. 

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi zutenez, kalera 200.000 pertsona atera ziren goiz eta eguerdian: 70.000 Bilbon, 55.000 Donostian, 35.000 Gasteizen, 25.000 Iruñean, 8.000 Eibarren eta 2.000 Tuteran. "Goizean goizetik agerian geratu da greba orokorraren arrakasta Hego Euskal Herrian", azpimarratu zuten. Euskal langileriak "beste erakustaldi bat" egin zuela aldarrikatu zuten: "indar, kontzientzia eta elkartasun erakustaldia". 

Beste batzuk ez ziren, ordea, horren baikorrak izan. SEA Arabako Enpresarien Elkarteak, esaterako, adierazi zuen Arabako konpainien artean grebarekiko atxikimendua %8koa izan zela —150 enpresetako datuak jaso zituen elkarteak—, eta jarduna "normaltasunez garatu" zela gaineratu zuen. Era berean, SEAk gogorarazi zuen greba egiteko eskubideak "bateragarria" izan behar duela lanera joatea erabakitzen duten langileekin. 

EAJ alderdia kexu agertu zen, zenbait tokitan manifestazioek eragindako "pintadak eta kalteak" zirela eta

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoko eta administrazio orokorreko datuak eskaini zituen: 12:40ak arte bildutako zenbatekoen arabera, hezkuntza publikoan %60koa izan zen jarraipena, eta administrazio orokorrean, aldiz, %38koa.

EAJ alderdia kexu agertu zen, zenbait tokitan manifestazioek eragindako "pintadak eta kalteak" zirela eta. Markina-Xemeinen, esaterako, autobusetan kalteak egin zirela salatu zuen alderdiak, eta gaitzespena adierazi zuen Portugaleteko batzokian azaldutako zenbait pintadaren gainean.

Kasuak kasu, eta iritziak iritzi, bada argi dagoen gauza bat: kaleak jendez bete ziren, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen alde. Argazkiak ikusi besterik ez dago. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain