Beherakada demografikoa eta bizi iraupenaren ekonomia

"Guztiok bezala bizitza luze bat izan nahi nuke; bizitza luzerak badu bere tokia, baina ez dago nire esku...”. Martin Luther King eraila izan aurreko diskurtsoaren pasarte bat da. Bizi itxaropena gure esku dago? Jendeak luzerako bizi nahi du, eta horretarako dirua erabiltzeko prest dago. Bizi iraupena inbestitzeko gai bihurtu da (inbertsio tematikoak), hilkortasuna konkistatzeko saiakera…

Hong Kongongeko auzo superpopulatu bat | Argazkia: iStock Hong Kongongeko auzo superpopulatu bat | Argazkia: iStock

Ekonomian, jaiotze tasak eta bizitza luzeagoa duen populazioaren eraginak sortzen duten zirrararen aurrean egonezina dago. Dubravka Suica, Demokrazia eta Demografia gaietarako komisarioaren iritziz, trantsizio demografikoak berdearen edo digitalaren inportantzia adina edo gehiago du”. Demografia oso geldo aldatzen da; bere eragina kontuan ez izateko moduan. Gudek eta gorabehera politiko desatseginek aldaketa honi egunerokoan arreta jartzea zaildu egiten dute.

Covid-19 izurritearen ondorioz jaiotze tasak azkarrago jaitsiko zirelaren bildurra zegoen, eta 2023an argitaratutako datuek bildur hau zuzena zela baieztatu zuten. HSBC bankuak 2022 eta 2023 urte artean jaiotze kopuruan herrialdez herrialde eman den aldaketaren datuak erakusten ditu, eta jaiotzak geldiarazten ari dira ekonomia gehienetan:

Izurritearen ondorioz, (honek sortu zuen ziurgabetasuna dela eta) bikote gazte askok umeak izateko erabakia atzeratu zuten. Izan daiteke jaiotze kopurua jaisteko joera hau behin behinekoa izatea, baina askoren ustez egiturazkoa dela pentsatzeko arrazoi ugari daude. Jendeak luzatu egiten badu haurrak izateko momentua, jaiotze tasa jaitsi egingo da nahi eta nahi ez. Haurrak izateko erabakia berandutzearen joera hau emakumeak langileriara sartzearekin batera hasi zen, eta orain areagotzen ari da; bueltarik gabeko ibilbidea da.

Demografiaz hitz egiterakoan Txinan jartzen ditugu begiak: beren populazio bolumenagatik eta bere garaian jaiotze tasa mugatzeko egindako saiakera bortitz eta eraginkorren ondorioz. Azken aurreikuspenak adierazten zutena baino azkarrago jaisten ari dira jaiotzak herrialdean, eta etorkizunean ere beherakada handiagoa ekarriko dute haurrak izateko adina duten emakumeen jaitsiera jarraiaren ondorioz. Japonian, adibidez, beheranzko joera hau 1973an hasi zen. Garai horretako haurrak 2000. urte inguruan guraso izateko adinera heldu zirenean Japonia ekonomia krisi luze batean murgilduta zegoen, eta beheranzko tendentzia areagotu egin zen.

Izan daiteke jaiotze kopurua jaisteko joera hau behin behinekoa izatea, baina askoren ustez egiturazkoa dela pentsatzeko arrazoi ugari daude

Munduko jaiotze tasa urtero %3 jaisten jarraituz gero populazio hazkunde aurreikuspenak berrikusi beharko dira. HSBCren datuak zuzenak badira, munduko populazioa gailurrera laster helduko da, eta mende bukaera arte beherakada izango da. Demografia aldaketak oso geldoak dira, eta ez dute eraginik izango aste honetako edo hurrengoko merkatuen balorazioetan.

2020an Charles Goodhart eta Manoj Pradhanek The great demographic reversal (“Aldaketa demografiko itzela”) liburua argitaratu zuten; Autore hauen ustez, azken 30 urteetan demografiak, globalizazioak eta Txinak deflazioa, soldata jaitsiera eta, ekonomia garatuetan, aberastasun arrakala handitzea ekarri dituzte. Globalizazioa, produkzioaren deslokalizazioa eta okerren ordaindutako lanpostuak etorkinekin bete ahal izatea jotzen dira ondorio hauen errudun. Baina autore hauen ustez aldaketa dator. Epe luzeko ikuspuntu batetik, hainbat herrialdetako (Txina, Asia iparraldea, Europa, Japonia…) langile kopuruaren beherakadaren eta geroz eta populazio zaharkituagoaren ondorioz, inflazioa mende osorako izango da. Eztabaida oparorako puntu asko eskeintzen duen idazlana da.

Aldaketa honen ondorio finantzarioak sakonak izango dira…eta aurreikusteko zailak.

Globalizazioa beherantz omen doa…

Edo behintzat uste hau zabaltzen ari da. Globalizazioaren beherakadak toki batzuetako mina arinduko du, aberastasun banaketa suposatuko duelako batez ere; ekonomia hazkundea jaistea eta inflazioaren gorakada ere ekarriko ditu. Honetan ere ez da komeni gehiegikerietan erortzerik…

Hainbat herrialdetako langile kopuruaren beherakadaren eta geroz eta populazio zaharkituagoaren ondorioz, inflazioa mende osorako izango da

Nahiz eta orokorrean “Atzerriko Inbertsio Zuzenak” (FDI ingelesez) 2023an gorantz egin munduan, (zerbait igo da 2022 urte izugarriarekin alderatuz) inbertsio zuzen hau garapen bidean dauden ekonomietan jaitsi egin da (azken hiru hamarkadetan sendo igo izan dena). Hemen dago gakoa. Esan beharra dago beherakada honetan Txinaren berezko zalapartak zeresan handia izan duela, jaitsieraren zati baten arduradun zuzenak baitira. Hurrengo urteetan baieztatu beharko da joera honen irmotasuna.

Demografiak ekonomian eta finantza munduan sortzen duen egonezinaren azterketa honetan, aldagai berri bat sartu behar da azken urtean; askoren ustez 2000. urteko Interneten burbuilaren bilakaera izaten ari dena; mundu mailan produktibitatearen hazkundean aurretiko bilakaerarekin apurtzailea izango dena: adimen artifiziala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK