Berdelak Eusko Label kalitate zigilua izango du

Kanpainaren hasierarekin batera, 2 milioi kilo berdel harrapatu dituzte euskal arrantzaleek

Eusko Label zigiludun berdela | Argazkia: Irekia Eusko Label zigiludun berdela | Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko berdelak berrikuntza garrantzitsu batekin eman dio hasiera kanpainari, hemendik aurrera Eusko Label kalitate-bereizgarria izango baitu. Hala, Eusko Labela duten gainerako produktuek bezalaxe, araudi tekniko zorrotz batean ezarritakoa bete beharko du. Zehazki, bertako arrantza tresna tradizionalak diren amuarekin eta inguraketarekin harrapatutako berdela, kalitate oso onekoa, eta baxurako artisau flotaren ohiko eremuan harrapatutakoa izango da Eusko Labelekin identifikatuko dena. Arraina sailkatzek orduan, berriz, kalitatea izango da kontuan, kanpoko itxura, azala, edo trinkotasuna, besteak beste.

Lehenengo fasean, berdel freskoa bermatuko du bereizgarri horrek, baina Eusko Labelarekin egindako produktu eraldatuetara edo prestatuetara ere irekita egongo da, hanburgesetara adibidez.

HAZIk ezarriko ditu produktuaren prozesu-katean, lortzeko, kontserbatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko, etiketatzeko, manipulatzeko, ontziratzeko eta merkaturatzeko beharrezkotzat jotzen diren kontrol- eta ziurtapen-sistemak, Eusko Label bereizgarriaren ikurrekin identifikatzen den produktuak araudian eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

Gauzak horrela, euskal kostaldeko arrantzaleek 2.080.696 kilo berdel harrapatu dituzte kanpainako lehen deskarga garrantzitsuan, eta kiloko batez besteko prezioa 1,31 eurokoa izan da. Antxoari dagokionez, arrantzatutako kilogramoak 1.105.357 izan dira eta, kasu honetan, batez besteko prezioa kilo bakoitzeko 1,68 eurokoa izan da.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak eman ditu datu horiek Hondarribian (Gipuzkoa), eta gogorarazi du txitxarroak eta berdelak kuotak dituztela esleituta, baina ez antxoak eta hegaluzeak. Hala, Eusko Jaurlaritzak aspalditik eskatu du "kuota horiek banatu ahal izatea, arrantzaleek unerako askoz egokiagoa den arrantza egin ahal izateko eta euren arrantza denboran zehar behar bezala banatzeko aukera izan dezaten".

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozekin eta Euskadiko arrantza-sektoreko ordezkariekin batera, Eugenio Elduayen Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien presidentea izan da ostiral honetan Hondarribian.

Tapiak nabarmendu duenez, berdela Eusko Labelera gehituta, Euskadiko arrantza sektoreari tresna berri bat eman zaio, "bere produktuak merkatura ahalik eta gehien baloratuta irits daitezen, eta merkataritza garapenerako aukera eta tresna berriak izan ditzan”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK