Berdintasunaren lanketa egiten duten sei enpresa saritu dituzte Artizarrak eta Woman Forwardek

Enpresa handien kategorian, Dominion, Arteche eta Euskaltelek aitortza jaso dute

Saria jaso duten enpresetako ordezkariak | Argazkia: VK Comunicación Saria jaso duten enpresetako ordezkariak | Argazkia: VK Comunicación

Artizarra Fundazioak eta Woman Forward Fundazioak lankidetzan berdintasunaren aldeko enpresen bigarren sailkapena aurkeztu berri dute. Denera sei sari banatu dituzte, bi kategoriatan banatuta. Enpresa txiki eta ertainen kategorian, 50 eta 249 langile arteko konpanietan, Informa Consulting, Guggenheim Bilbao eta Graphenea saritu dituzte. Eta enpresa handien kategorian, 250 langile baino gehiago dituztenetan, Dominion, Arteche eta Euskaltelek jaso dute aitortza.

Bi fundazioek kaleratutako oharraren arabera, "sailkapen honen helburua aukera-berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten EAEko enpresa guztien ahaleginak aitortzea eta saritzea da". 

Artizarra Fundazioko zuzendariaren, Amaia Jugoren, esanetan "gure helburuak bat datoz Woman Forward Fundazioaren helburuekin berdintasunaren arloan, eta hor oinarritu da indar-batasun hori". Halaber, Artizarran genero-aniztasunak enpresetan "balioa sortzen duela" azpimarratu du, haien kudeaketa-jardunbide egokiak berdintasunerako aldaketaren palanka bikaina izan daitezkeelako.

Bestalde, Woman Forward Fundazioko lehendakariak, Mirian Izquierdok, sariek duten garrantzia azpimarratu du: "Gaur enpresa eta zuzendari nagusiak aitortzen ditugu: hitz egin ez ezik, jardun ere egiten dutenak; predikatzeaz gain, praktikatu ere egiten dutenak; eta frogatu dutenak berdintasuna ez dela galera bat, baizik eta irabazia guztiontzat".

Sailkapena egiteko, Woman Forward Fundazioaren cloud plataforma erabili da, eta berdintasunaren hainbat esparru ebaluatu dira: langileen bilaketa, hautaketa eta erreklutamendua, sustapena, soldata-ordainsaria, erantzukizuna eta sexu-jazarpenen neurriak, eta genero-aniztasunaren ehunekoa erabaki goreneko postuetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK