• EKONOMIA
  • Bergaran langile bat hil da auto batek harrapatuta

Bergaran langile bat hil da auto batek harrapatuta

Atzo gertatu zen ezbeharra, eta LABek laneko joan-etorrietan segurtasuna indartzea eskatu du

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko otsailaren 4a - 17:51

LAB sindikatuak jakinarazi duenaren arabera, langile bat hil zen atzo goizean Bergaran (Gipuzkoa), bere lanpostura zihoala auto batek harrapatuta. Sindikatuak azaldu du Euskal Herrian 2026an izan den bosgarren lan-istripu hilgarria izan dela, bai lanerako bidean gertatu diren istripuak, bai lantokietakoak kontuan izanda. Ohartarazi duenez, aste gutxiren buruan izandako heriotza segidak agerian uzten ditu zenbait arlotako gabeziak, hala nola, prebentzioan, ibilbide seguruen plangintzan, ordutegien malgutasunean edo zerbitzu publikoetan neurri egokiak hartzean.

 

LABek azpimarratu du laneko joan-etorrietako segurtasuna berariaz sartu behar dela enpresa eta sektore guztien prebentzio-kudeaketan, eta gogorarazi du in itinere istripuak enpresek lan-osasunaren arloan dituzten betebeharren parte direla. Sindikatuaren ustez, gertakari hilgarri horiek errepikatzeak ikuskaritza eta prebentzio politikak indartzea eskatzen du, Osalan eta Lan Ikuskaritza bezalako erakundeei baliabide gehiago emanda, eta datozen orduetan deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dio langile klaseari.