• EKONOMIA
  • Merkataritza jarduera %24 hazi zen Bermeoko portuan 2025ean

Merkataritza jarduera %24 hazi zen Bermeoko portuan 2025ean

“Busturialdeko ekonomiarentzat azpiegitura estrategikoa” dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

Bilera Bermeoko portuan | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Bilera Bermeoko portuan | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026eko martxoaren 9a - 11:11

Bermeoko merkataritza portuak %24ko hazkundea izan zuen trafikoan 2025 urtean, orotara 227.604 tona eta 96 ontzi mobilizatu baitzituen; aldiz, 2024an 182.733 tona eta 84 ontzi izan ziren.

 

Bermeoko portuak bost karga-nasa ditu, 125 metroko luzera eta 6 metroko sakonera duten ontzientzako prestatutakoak. Hainbat material erabiltzen dira bertan: zura, papera, marmola, aluminioa, igeltsua… Gainera, egunean 100 kamioi inguru mugitzen dira portuan zehar, eta 40 enplegu zuzen sortzen ditu merkataritza jardunak.

Jaurlaritzak portuaren “hazkunde nabarmena” azpimarratu du, eta “Busturialdeko ekonomiarentzat estrategikoa den azpiegitura” dela gogoratu du. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, 2025eko zifrek berresten dute “autogobernuak funtzionatzen duela”, bere ustez EAEk azpiegitura kudeatzeak aukera ematen duelako “enpresetatik gertu egoteko, haien beharrak zuzenean ezagutzeko eta erabakiak bizkortasun handiagoz hartzeko”.