
Udara honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelak lepo beteta egon dira Eustatek gaur argitara eman dituen datuen arabera. 411.372 bezero izan dira denera abuztuan, iazko epe berean baino %3,5 gehiago, eta hilabete osoan eskainitako geletatik %87,5 bete dira, iazko abuztuan baino %,2,2 gehiago.
Lurraldeka, Araban, 58.815 bezero izan dituzte abuztuan, iaz baino %5,2 gehiago. Bizkaian, berriz, urte arteko hazkundea %1,7koa izan da, eta 190.784 bezero izan dira hoteletan. Gipuzkoakoetan, 161.773 bezero izan dira, iazko abuztuan baino %5 gehiago.
Hiriburuei dagokionez, hazkunde handiena Gasteizek (%7,8) eta Donostiak (%7,3) izan dute. Bilbon, aldiz, %2,8 hazi da bezero kopurua urtetik urtera.
Egonaldien iraupena ere luzatu egin da, iazko abuztuarekin alderatuz gero. 2,18 egunekoa izan da aurten bisitariek hoteletan igarotako denbora, eta iaz 2,11 egun izan ziren.
Halaber, bisitariek ordaindutako gauaren batez bestekoak ere gora egin du, izan ere, bainugela duen logela baten prezioa 136,eurokoa izan da aurtengo abuztuan, iazkoan baino %9 gehiago. Gau garestiena Gipuzkoako hotelena izan da (179 euro batez beste), Bizkaian 117 euro ordaindu dituzte, eta Gasteizen 94,5 euro. Hiriburuka, Donostiako gaua izan da garestiena nabarmen (210 euro), Bilbokoa 129 euro eta Gasteizekoa 85 euro.