
2025etik aurrera, bi urtero antolatuko da nautika sektoreari zuzendutako Ababor azoka Ficoban. 2022 eta 2023an, azokaren lehen bi edizioak egin ostean, antolatzaileek biurtekoa egitea erabaki dute sektoreko hainbat eragileei galdetu ondoren.
Orain arte, 80 erakusketari eta 10.000 bisitari izan dira egindako bi edizioetan, eta Frantziako merkatuaren garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek, izan ere, nautikak "berebiziko eginkizuna betetzen du" bertako ekonomian. Hala, orain arteko edizioetan bisitarien %16-%20 Frantziatik etorri dira.
Hirugarren edizioa 2025 hasieran egingo da, eta aurreko aldietan bezala, ANEN Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalaren babesa izango du.
Era berean, Elkarrekin Ababor itsas festa ekitaldia, aurreikusi bezala, hurrengo urtean egingo dela ere jakinarazi dute antolatzaileek. Azokaren atarian, Txingudiko badian hainbat jarduera nautiko egin ahalko dira, eta Ababorrez gain, EKP Euskal Kirol Portua, Hondarribiko Klub Nautikoa, Euskadiko eta Gipuzkoako Bela Federazioa eta Hondarribiko Udalak antolatzen dute.