• EKONOMIA
  • BIC Gipuzkoak egoitza berria izango du Donostiako Illunben

BIC Gipuzkoak egoitza berria izango du Donostiako Illunben

2027ko lehen hiruhilekorako eraikina prest izatea espero dute. 5.000 metro koadro inguru izango ditu

Sokai Hub Gipuzkoaren irudi bat | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Sokai Hub Gipuzkoaren irudi bat | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2026ko uztailaren 17a - 11:31
Eg. 2026ko uztailaren 17a - 13:42

BIC Gipuzkoak Miramongo Tandem eraikinean duen egungo egoitza utzi eta Ilunben izango du espazio berria. Gaur eginiko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, egoitza berria 2027ko lehen hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusten dute, eta azpiegitura berriak aukera emango die "ekintzailetza zientifiko-teknologikoa sustatzeko gaitasunak indartzeko".

 

BIC Gipuzkoak lurraldeko enpresa berri askoren jaiotze eta hasierako fasean laguntza eskaini du azken urteetan. Donostiako kanpoaldean, Miramonen ditu bere ekintzailetza, inkubazio eta coworking espazioak. Aitzitik, Illunben eraikitzen ari diren eraikina izango du etxe laster. Lekualdaketa iragartzeko prentsaurrekoan izan dira gaur Unai Andueza, Gipuzkoako Doru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari nagusia eta Javier García Cogorro Columbus Venture Partnerseko presidentea.

BIC Gipuzkoaren egoitza berriak laborategien, azpiegitura zientifikoen eta lankidetza-espazioen 5.000 metro koadro inguru izango dituSokai Hub Gipuzkoa izena izango du, eta Columbus Venture Partners arrisku kapitaleko sozietateak sustatu du.

 

Lurraldeko ekintzailetzarentzat “aurrerapauso berri bat” dela adierazi du Anduezak, zeinak BICek urte guztiotan eginiko lana aitortu duen. "460 enpresa sortu eta finkatu dira. Enpresa horiek eratu zirenetik bederatzi urtera %80ko biziraupen-tasa izan dute, eta 3.243 lanpostu sortu dituzte".

Sokai Hub Gipuzkoak laborategien, azpiegitura zientifikoen eta lankidetza-espazioen 5.000 metro koadro inguru izango ditu

Jon Insausti Donostiako alkatearentzat ere pozgarria da gaurko iragarpena: “BIC Gipuzkoa sendotu eta indartuko da, eta horrekin batera sendotuko da hiriaren berrikuntza, zientzia eta ezagutzaren hiri izaera hori. BIC Gipuzkoa indartzean Gipuzkoa sendotzen da, eta Gipuzkoa sendotzean Donostia indartzen da. Parke teknologikoa integratuta egotea kirol hiria eta osasun hiria elkarrekin, horrek sekulako indarra dauka”, adierazi du.

Argazki%20nagusia foto%20principal
Gaurko prentsaurrekoaren aurreko une bat | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

"Jauzi kualitatiboa" lurraldeko ekintzailetzarentzat

Sokai Hub Gipuzkoak 11 laborategi pribatibo, start-up eta enpresa inkubatuetarako 21 modulu, 100 m² baino gehiagoko laborategi zientifiko partekatu bat, biocoworking espazioak, 120 m² baino gehiagoko coworking eremu bat, 21 bilera-gela eta jardunaldi teknikoetarako eta networkingerako funtzio anitzeko espazio bat izango ditu. Azaldu dutenez, orain BICen dauden enpresa askok bertan jarraituko dute; egoitza berrian, aldiz, sortu berri diren edo sortzear diren start-upak izango dira.

Gauzak horrela, lekualdaketak industriaren aldeko apustuarekin zerikusia ere baduela nabarmendu dute gaur ordezkari publikoek. Jauregiren hitzetan, “pertsonak eta talentua dira industriaren muina”, eta eredu aldaketa dakar du lekualdaketak. “Hurbildu behar ditugu gure azpiegiturak talentura, eta ez alderantziz. Talentuak non nahi duen lan egin, han egin behar ditugu gure eraikin berriak. Ilunbek hori ematen digu. Kanpotik talentua erakartzeko oso leku aproposa”.

Marisa Arriola (BIC Gipuzkoa): "Enpresei lehen faseetatik finkatu arte laguntzeko pentsatutako espazio bat diseinatu dugu, laborategi espezializatuak, azpiegitura zientifiko partekatuak eta lankidetza-espazioak konbinatuz"

Egoitza berria lankidetza publiko-pribatuan oinarritu da, eta horren erakusle Columbus Venture Partners funtsaren parte-hartzea. Javier Cogorro funtsaren presidenteak gogoratu du orain urte eta erdi abiatu zutela proiektu hau, ikusten baitzuten Donostia espazio falta zela industria proiektuak garatzeko.

80 milioi euroko inbertsioa eginda, Cogorrok azaldu du ez duela halako beste espaziorik ezagutzen, eta nabarmendu du egoitzak aukera emango diela enpresei inkubatzeko eta baita bertan hazteko. "Azpiegitura higiezin bat baino askoz gehiago da, bizitzaren zientzietan espezializatutako berrikuntza campusa da, zientzia, ekintzailetza, industria, talentua eta kapitala biltzeko sortua. BIC Gipuzkoa  batzeak gure anbizioa indartzen du, Sokai, Donostiatik, biozientzietako berrikuntza-zentro global nagusietara konektatuta dagoen nodo bat bihurtzeko, nazioarteko proiektuak erakartzeko eta hemen jaiotako enpresak Gipuzkoan hazten eta sendotzen laguntzeko gai dena", adierazi du.

Azkenik, BICeko zuzendari Marisa Arriolak azpimarratu du egoitza berria “jauzi kualitibatiboa” dela erakundearentzat eta lurraldeko ekintzailetza ekosistema osoarentzat. Enpresei lehen faseetatik finkatu arte laguntzeko pentsatutako espazio bat diseinatu dugu, laborategi espezializatuak, azpiegitura zientifiko partekatuak eta lankidetza-espazioak konbinatuz. BSL-2 laborategietarako, areto zurietarako, hazkuntza-aretoetarako eta biocoworking-guneetarako sarbideari esker, start-upek eta enpresa sortu berriek baliabide estrategikoak izango dituzte berritzeko, hazteko eta merkatura azkarrago iristeko”, gehitu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain