
Pasa den ostirala iragarri zuen Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Kanadaren eta Mexikoren aurkako %25eko muga zergak, eta Txinaren aurkako %10koak ezarriko dituela. Inpaktu handia sortuko dute neurriok, izan ere, Kanada eta Mexiko dira AEBren bazkide komertzial garrantzitsuenak.
Bihar sartuko dira indarrean muga zergak. Trumpek azaldu du hiru herrialdeak hauek direla fentaniloa eta bestelako droga batzuen trafikoaren arduraduna, eta migrazioa ez oztopatzea ere egotzi die. Bi faktore horiek direla eta, erabaki du muga zergak handitzea.
Kanada, Mexiko eta Txinaren erantzuna segituan iritsi da. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak adierazi du modu berean erantzungo diotela AEBri eta %25eko muga zerga ezarriko diela herrialdetik inportatzen dituzten produktuei. Horrek 150.000 milioi euroko eragina izango luke.
Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak, bestalde, argitu du Mexikoko ez duela talde kriminalekin inolako loturarik, Trumpen akusazioei erantzunez, eta aurreratu du zenbait neurri hartuko dituztela muga zergen erantzuteko.
Txinak ere ildo beretik jo du, bere interesak defendatuko dituela nabarmenduz, eta Munduko Merkataritza Erakundean salaketa jarri du.
Halaber, Trumpek esan du Europako Batasuneko produktuei ere jarriko diela muga zerga. “Europan ez dituzte gure autoak onartzen, ez eta gure nekazaritza-produktuak ere”, adierazi zuen pasa den astean.