Bihartik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako familiek aukera izango dute seme-alabak izateagatik 200 euroko dirulaguntzak eskatzeko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur argitaratu da neurria, eta, beraz, bihar sartuko da indarrean. Dirulaguntza umeak lau urte bete arte emango da; orain arte hiru urte arte ematen zen.
Interesdunak modu telematikoan aurkeztu ahal izango du eskaera, eta onartuz gero, atzeraeraginez aplikatuko da dirulaguntza aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera. Halaber, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak argitu du adin-tarte horietan seme-alabak dituzten gizon eta emakume alargunak ere laguntza eska dezaketeela, baita tutoretza eta harrera familiek ere.
Horrekin batera, guraso bakarreko familiek jaso ahal izango dute familia ugariei orain arte eman zaien 100 euroko laguntza osagarria. Dekretu berriaren arabera, prestazioa haurrak lau urte betetzen dituenetik zazpi urte izan arte jasoko da.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak aurreikusten du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 52.000 familiek jasoko dutela laguntza, eta horretarako, Jaurlaritzak 85,8 milioi euroko inbertsioa egingo du hurrengo lau urteetan.